Absolbitua izan zen euskal preso ohi batek kalte-ordaina eskatuko dio Espainiako Justiziari espetxean behin-behinean egondako denboragatik. Hilketa bat leporatuta, behin-behinean preso egon zen Espainian, baina, epaiketan, absolbitu egin zuten froga faltagatik, eta aske geratu zen. Kalte-ordaina orain erreklamatzeko, preso ohi horrek iazko ekainean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak egin zuen doktrina aldaketa du oinarri. Konstituzionalak, bi urte lehenago Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ezarritako doktrina bere eginez, hau ebatzi zuen: «Kalte-ordainerako eskubidea izango dute, behin-behinean preso egon ondoren absolbituak izan direnak edo auzia artxibatzeko erabakia jaso dutenak, betiere kaltea eragin bazaie».
Iazko ekainera arte, soilik delitua existitu ez dela frogatzen zen kasuetan aitortzen zien Espainiak kalte-ordainerako eskubidea delitu horrengatik behin-behinean preso egondakoei. Horrek atea itxi die urteetan Espainiako kartzeletan egon ondoren absolbitu dituztenei. Aipatu euskal presoak, esate baterako, ez zuen kalte-ordainik eskatzeko aukerarik, egotzi zioten delitua existitu zelako, nahiz eta berak parte ez hartu. Ekainean, ordea, Konstituzionalak ebatzi zuen kalte-ordaina emateko oinarria delituaren existentzia izateak diskriminazio «neurrigabekoa» eragiten diela existitu den delitu batengatik espetxean egon eta ondoren absolbituak izan direnei, eta errugabetasun presuntzioa urratzen duela.
2019ko ekainaren 19an aldatu zuen doktrina Konstituzionalak, Osoko Bilkurak ordura arteko doktrina inkonstituzionala zelakoan galdera aurkeztu ondoren. Bere ebazpenean, ohartarazten du lege bidez zehaztu beharko dela kalte-ordainaren oinarria eta zenbatekoa, eta, hori izan bitartean, "bere helburuarekin eta Administrazioak eta, azken finean, organo judizialek egiten duten arduraren teoria orokorrarekin bat datozen interpretazioekin". Doktrina aldatu zuen ebazpenak bi boto partikular jaso zituen, delituaren existentziak absolbitu batzuen eta besteen artean lehen egiten zuen bereizketa konstituzionala dela argudiatuz.
Kalte-ordain bat berriro aztertzeko agindua
Aste honetan jakin da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Justizia Ministerioari agindu diola aztertzeko nafar batek aurkeztutako kalte-ordain eskaera. Gizonak hiru urte eta erdi pasatu zituen behin-behinean espetxean droga kontu bategatik, 2005. eta 2009. urteen artean. Hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2009an, baina urtebete geroago absolbitu egin zuten, instrukzio epaitegiak egindako telefono entzuketak legez kanpokoak izan zirela ebatzita. Gizonak 600.000 euroko kalte-ordaina eskatu zuen, baina Justizia Ministerioak, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Gorenak ukatu egin zioten, absolbitua izan arren delitua existitu zela argudiatuz.
Iazko doktrina aldaketarekin, ordea, Konstituzionalak ontzat jo du orain droga kontu horrengatik espetxean hiru urte eta erdi pasatu zituen nafarraren eskaera, eta prozesua berriro hasteko esan du. Hau da, Espainiako Justizia Ministerioari eskatu dio aztertzeko berriro «ondare-erreklamazioa oinarrizko eskubideak errespetatuz, kalte-ordainak zenbatekoa izan behar duen baloratu gabe», Diario de Navarra egunkariak argitaratu duenez.
Gizon horrek Konstituzionalean aurkeztu zuen errekurtsoak dio delitua existitu izanak edo ez izanak ez diola axola kalte-ordainerako eskubideari dagokionez: "Eskatzailea absolbitu egin zutela eta errugabea dela erabaki zela da benetan garrantzitsua, eta, hala ere, kalte nabariak egin dizkiotela akats batengatik eta bere askatasunari eragin diotela". Kalte-ordainaren auzian gizon horrek jaso dituen aurreko sententzia guztiak bertan behera utzi ditu Konstituzionalak.