Bost euskal presori buruzko Barrura begiratzeko leihoak dokumentalaren Zinez Elkartea ekoiztetxeak uko egin dio Donostiako Udalaren 9.000 euroko laguntzari, bertako arduradunek jakinarazi dutenez. Areago, laguntza publiko orori uko egingo diote, ekoiztetxeko arduradunek Koldo Mitxelena kulturunean emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez. Donostiako Udalak laguntza eman ostean, Espainiako Barne ministroak Bildu legez kanpo uzteko mehatxua egin zuen; horren ondoren hartu dute erabakia.
Nolanahi ere, diru ekarpena jasotzeari ez dio uko egin ekoiztetxeak, eta gogorarazi du abian duela herritarren babes ekonomikoa lortzeko kanpaina bat.
Luix Barinagarrementeria abokatuarekin agertu dira komunikabideen aurrean ekoiztetxeko kideak. «Ez diogu aukerarik emango gobernuari gizartean ezinegona eta tentsioa eragiteko gu aitzakiatzat hartuta», salatu du Haizea Belza kideak. Elkartasuna eskatu diote gizarteari, sortutako polemika «injustua» delakoan. Halaber, EAJ, PSE-EE eta PPko udal ordezkariek haiekin biltzeari uko egin diotela ere salatu dute.
Donostiako Udal Gobernuak eskertu egin dio Zinez Elkartea ekoiztetxeari diru laguntzari uko egin izana. «Aurrekontuaren zati txikia bazen ere, erabakia ez zen erraza izango», adierazi du Axier Jaka Giza Eskubideen zinegotziak. Kritikatu duenez, diru laguntza «aitzakia» izan da Bilduri eta adierazpen askatasunari «erasotzeko» eta krisitik ateratzeko gai ez direla «ezkutatzeko».
Espainiako Barne Ministerioak, ordea, ohartarazi du Bildu «zaintzen» segituko duela, «legedia bete dezan» eta «terrorismoa goratu ez dadin».
Juan Kalparsoro EAEko fiskalburuaren ustetan, berriz, dokumentalari emandako diru laguntza ez da «zantzu nahikoa» Bildu legez kanpo uzteko. Nolanahi ere, adierazi du bai Juan Karkos Izagirre Donostiako alkatea bai Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua «mugan» daudela eta «esparru arriskutsuetan» mugitzen ari direla azken egunotako adierazpenekin. Alderdien Legea indarrean dagoela eta, beraz, «edozein unetan» aplika daitekeela gogorarazi du. Hala, «erne» egon beharra dagoela uste du.
Euskal presoei buruzko dokumentalaren egileek uko egin diote diru laguntzari
Donostiako Udalak ekoiztetxearen keinua eskertu du, eta salatu du «aitzakia» bilatu dela Bilduri erasotzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu