Euskal presoak

Euskal presoek herritarrekin partekatu nahi dute legezko bidea, "askatasuna eskuratzeko”

EPPKren eztabaidako ondorioen txostena eskuratu du BERRIAk, eta bihar plazaratuko du. Preso bakoitzak bere txosten juridikoa legelariekin aztertuko du, ikusteko legedian zer aukera egon daitezkeen. Mugak: damua eta kolaborazioa. Kolektiboak "bere binkulazio politiko zuzena ezker abertzalearekin" izango du.

Kalera Kalera dinamikak ekainaren 11n Bilbon eginiko mobilizazioa. ARITZ LOIOLA (ARGAZKI PRESS)
enekoitz esnaola
2017ko uztailaren 15a
00:20
Entzun

EPPK-k 2013ko "ildoa berritu" du espetxe eremuan gatazkaren ondorioak gainditzeko —sakabanaketa eta "deserriratzea" amaitu, eta kaleratzeak— eta Euskal Herriko prozesu independentista elikatzeko, eta hala nahi duten kolektiboko kideek legearen bidea erabiliko dute, "askatasuna eskuratzeko", haren eztabaidako ondorioen txostenak dakarrenez. BERRIAk bihar plazaratuko du Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura idatzia. Legezko bide hori herritarrekin partekatu nahi dute.

Lehendabizi, preso bakoitzak bere txosten juridikoa izango du. Legelarien laguntzarekin aztertuko du, legedian zer aukera egon daitezkeen jakiteko. Ondoren, sostengua jasotzeko, txostena EPPKren zuzendaritzari eta herritarrei ezagutaraziko die. EPPK-ko kideek uko egingo diete damuari eta euren kideak zigortzeko kolaborazioari. 

Zaballako (Araba) eta Mont de Marsango (Okzitania) kartzeletan batzeko eskatuko dute. Baina "kaleratze prozesu dinamiko bat" badago, ontzat emango dituzte "batze oro, hurbiltze oro eta kaleratze oro", horiek erabatekoak ez izanda ere. 

Halaber, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak jakinarazi du "bere binkulazio politiko zuzena ezker abertzalearekin" izango duela, eta esan du ez dagoela "inongo antolakunderen eta erakunderen menpe".

Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera itxia dela iritzita, ohartarazi du "etxeratzeko estrategian" euren ildo judiziala ez dela nahikoa izango, eta eskatu du "diseinu politiko, instituzional eta sozialarekin lagundu" behar dela.

EPPK-k duela bi aste jakinarazi zuenez, %87,2 izan da barne hausnarketako parte hartzea, eta horietatik %73,4 azaldu dira zuzendaritzak iazko urte bukaeran proposatu zuen oinarrizko txostenaren alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.