Estrasburgoren erabakia

Euskal presoen abokatuek Espainiari eskatu diote legea erreformatzeko

Euskal presoen abokatuek Estrasburgoren ebazpenak Espainiaren "lege aplikazio maltzurra babestu" duela salatu dute. Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk harridura agertu dute, eta Sarek, kezka.

Ziluaga eta Urbina, gaur, Donostian. JUAN HERRER, EFE
enekoitz esnaola
2018ko urriaren 23a
07:14
Entzun

Espainiako Estatuaren jokabidea ez du baztertu Estrasburgok euskal presoei Frantziako kartzela urteak zenbatzeko auzian, eta Urbinak deitoratu du Europako auzitegiak "Espainiaren lege aplikazio maltzurrari babesa" eman diola. "Lege horrek asmo politikoa du atzean". Abokatuen iritziz, "Europako araudiaren urraketa" da gaurko erabakia. Urbinak esan du "ziur" zegoela epaia bestelakoa izango zela, estatuko instantzia judizialaren eremuan ere irudipen bera sumatu zuelako. "Ustekabea izan da" epaileek ebaztea Espainiak ez duela urratu askatasunerako eskubidea eta indarrean dagoen araudirik gabe zigortua ez izateko eskubidea. Bi horiek ziren "funtsezko" auziak, abokatuaren esanetan. 

Santiago Arrospide, Alberto Plazaola eta Francisco Mujika Garmendiaren abokatuak dira Ziluaga eta Urbina. Donostian eman dute prentsaurrekoa, Gipuzkoako Abokatuen Bazkunaren egoitzan, epaia jakin eta ordu eta erdira, "lehen" balorazioa egiteko .

Hala ere, oraindik dituzten aukerak baliatzearen alde egin du Urbinak. Zehazki, Espainiako Gobernuari eskatu dio "legea desberdin ezartzeko", horretarako "marjina" eta "ibilbidea" badirela iritzita. Espainiako Kongresuko talde politikoei ere mintzatu zaie, mugitzeko eskatuz. Euskal presoei Frantziako urteak batu ahal izateko, 7/2014 legeko salbuespenak kentzeko galdegin dute, legea bera erreformatuta.

Europako Kontseiluak 2008an onartu zuen 2008/675 legea, zigorren batzeari buruzkoa. Horren arabera, herritar batek herrialde batean espetxe zigor bat bete badu, urte horiek kendu egin behar zaizkio antzeko delitu batengatik beste herrialde batean jarritako zigorrari. 2010eko abuzturako legean jasoa behar zuena, 2014ko abenduan bihurtu zuen lege organiko Espainiak. PPk salbuespen batzuk txertatu zituen, gainera, euskal presoei espetxealdia murriztea saihesteko, 7/2014 Lege Organikoan.

Esaterako, legea 2010ean ezartzekoa zenez, Espainiak zehaztu zuen ez ziela zigorrik batuko urte hori baino lehenago kondenatutakoei. Alegia, euskal presoen kasuan, legeak eragin diezaieketen denei —Frantziako zigor ia denak 2010 aurrekoak dira—. Zigortutako gertaerak noizkoak diren, hori ere kontuan hartu zuen Madrilek bere legean. "Europako araudiaren ezarpena bihurritu egin zuten azken unean Senatuan [PPk]. Mendeku politiko bat ikusi genuen", esan du Urbinak.

Helegitea Areto Nagusian

Orain Estrasburgoko Areto Nagusira jotzeko aukera dutela azaldu du Urbinak. Epaia sakon aztertu nahi dute lehenik. Beste 40-50 eskaera badituztela jakinarazi dute Ziluagak eta Urbinak, baina ez dutela espero aldaketarik gaurkotik. Hala ere, Areto Nagusira joko dute ziurrenik. Hiru hilabeteko epea dute horretarako.

Luxenburgoko Justizia Auzitegira jotzeko aukera ere badagoela esan du Urbinak, baina hori ez dagokiela presoen abokatuei, baizik eta instantzia judizialei edo Europako Batasunekoei. Abokatuak gogoratu du bere garaian Adela Asua Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak eta Candido Conde Pumpido Gorenekoak boto partikularra eman zutela.

Jaurlaritza: "Beste gauza bat espero genuen"

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak Gobernu Kontseilu osteko agerraldian egin du epaiaren "behin-behineko" balorazioa, ebazpena irakurtzeko betarik izan ez duenez gero. "Errespetua" adierazi dio erabakiari, baina aitortu du "beste gauza bat" espero zuela; hain justu, espero zuen Auzitegi Gorenak berak 186/14 sententzian emandako irizpideak kontuan hartzea Estrasburgok, eta eskatu du "salbuespena" amaitzeko espetxe politikan.

EH Bilduk aitortu du ez zeula erabaki hori espero, eta ohar baten bidez salatu du "Espainiako estatuak ingeniaria juridikoa" erabiltzen duela. "Salbuespenezko legedia eta salbuspeneko interpretazioa bertan behera geratu behar dira. Frantzian betetako zigorrak aintzat ez hartzeko bezalako jukutriak bakarrik balio dute presoen, familiarren eta lagunen mina eta sufrimendua areagotzeko". Gaineratu du erabakia presoen aferari soilik mendeku ikuspegitik begiratzen diotenek txalotuko dutela, eta EH Bilduk ez duela euskal presoen egoera konpontzeko irtenbideak bilatzen jarraituko duela.

Sortuk ohar bidez adierazi du ebazpenak ez duela "giza eskubideen urraketa geldiarazi", eta Espainiak "sortutako tranpa juridikoa" epaitu gabe gelditu dela salatu du. Dena den, "orain arteko ildo berean" jardutera deitu du. "Presoen eskubideen defentsan lanean jarraitzea ezinbestekoa da, kontsentsu zabalak sortuz, salbuespeneko egoera hau lehenbailehen amaitzeko". Sorturen esanetan, auziak "irtenbide politikoa" behar du batez ere.

Sarek "ardura handiz" hartu du epaia, presoek zigor bat "birritan" betetzea ahalbidetzen duelakoan: "Giza eskubideak urratzen jarraitzeari bide ematen dio".

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak, berriz, "satisfazio juridikoa" azaldu du erabakiaren aurrean. Izan ere, epaile zenean Estrasburgok babestutako jarrera bera izan zuela esan du.

EAJko diputatu Aitor Estebanek azaldu du zigor metaketari buruzko lege proposamen bat aurkeztu dutela Kongresuan, eta legegai hori "Europako zuzentarauetara hobeto egokituko" litzatekeela. Frantziako zigorrak kontuan hartzearen alde agertu da.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak ontzat jo du Estrasburgoren epaia: "Ebazpena oraindik irakurri gabe, positiboa iruditzen zait Giza Eskubideen Europako Auzitegiak esan izana Espainiak modu egokian eta zuzenbide humanitarioaren arabera ezartzen dituela zigor murrizketak".

AVT ETAren biktimen elkartea pozik azaldu da erabakiarekin. Maite Araluze elkarteko presidenteak "oso positibotzat" jo du, uste baitu biktimek ez dutela "berriro sufrituko", Parot doktrinarekin gertatu zen bezala: "Justizia kontua da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.