Euskal presoek jasaten duten «espetxe politika espezializatuak» harreman zuzena du haien osasun egoeran, Jaiki Hadi taldeak salatu duenez. «Espetxe errejimenak gaixotu egiten du, eta, gainera, gaixotasun horiek okerragora joaten dira, ez dutelako asistentzia egokirik ematen». Mati Iturraldek eta Oihana Barriosek Jaiki Hadi taldeak espetxearen eta gaixotasunen inguruan egindako lana aurkeztu zuten atzo Martin Ugalde kultur parkean gazteleraz egindako aurkezpenean. Preso ohi eta senitartekoen aurrean aurkeztu zuten txostena, Mikel Urkola gizarteko psikologian katedradunak azpimarratu zuenez, «begirada hotzez datu gordinak» emanez; «boterearen jokamoldearen alde ilun, nazkagarri eta kriminalenak» azalduz.
Alde psikologikoan eta alde fisikoan espetxeak presoarengan duen eragina aztertu dute, eta bi kasuetan akats komunak topatu dituzte. Horregatik, ikusitakoak ikusita, hiru eskaera zehatz egiten ditu Jaiki Hadi elkarteak: batetik, osasun eskubidea espetxean behin eta berriz aitatzen duen «segurtasun arrazoien» gainetik jartzea; bigarrenik, konfiantzazko medikuak zaintzeko eskubidea bermatzea preso guztiei eta hark espetxeko medikuarekin harremana izatea; eta hirugarrenik, baldintza bereziengatik gehitutako sufrimenduak desagertzea.
Hainbat urtetan espetxeetan euskal presoekin egindako lanaren esperientziatik osatu dute txostena Jaiki Hadiko profesionalek. Atzoko aurkezpenaren aurretik medikuen elkarteetara ere igorri zuten txostena, eta orain badute asmoa haiekin harremanetan jarri eta egoeraren aurrean zer egin daitekeen aztertzeko.
Gaixotasuna sortzeko lau faktorek eragiten dute: genetikoak, ingurugiroak, osasun sistemak eta bizimoduak. Genetikoa ez beste guztiak egokitu egin ditzake pertsona bakoitzak, baina presoen kasuan ez da halakorik gertatzen. Gainera, hiru faktore horietan baldintza txarrak dauzkate: egunean lau ordu patioan eta gainerakoak ziegan pasatzeak, esate baterako, arazoak dakartza ikusmenean, entzumenean, usaimenean eta azalean. Elikadura egokirik ez diete ematen. Espetxe baldintza espezializatuak okerrerako dira —urte luzez preso egon beharra, sakabanaketa, segurtasuna—. Hori gutxi balitz, presoek osasun zerbitzu eskasak dituztela salatu dute Jaiki Hadi elkartekoek: asistentzia falta nabaritu dute batetik, utzikeriak eta interes ezak eraginda; konfiantzazko medikuak ez dizkiete baimentzen, eta baimendutakoan ere baldintza bereziak bete behar izaten dituzte; konfiantzazko medikuaren eta espetxekoaren artean elkarlanean aritzeko arazoak izaten dituzte; eta gaixoari ez zaio behar bezalako jarraipenik egiten.
Gaixo psikologikoak gehituz
Larria da gaixotasun psikologikoak dituzten presoen egoera ere. Espetxean ongizate psikologikoa lortzea ezinezkotzat jotzen dute, kontrola, erabaki ahalmena eta arazoak konpontzeko gaitasuna kentzen zaizkielako, besteak beste. Autonomia galtzea dakar horrek.
Azken hamarkadan gaixotasun psikologikoen kopurua handitu egin dela nabarmendu dute. Guztira 41 euskal presok dute laguntza, baina horretarako arazo handiak dituzte profesionalek. Diagnostikoak emateko arazoak dituzte, ezin izaten baitute presoarekin behar bezala egon, eta diagnostikoa egin ostean ere, arazoak izaten dituzte botikekin. «Hilabeteak egin ditzakete tratamendurik gabe».
Guzti horrek profesionalen kode deontologiko oro hankaz gora botatzen duela ohartarazi dute Iturraldek eta Barriosek, eta beraien esku legokeela baldintza horietan gaixoak tratatzeari uko egitea. Nolanahi ere, baldintza txarretan izanda ere ahal dutena egiteko erabakia hartu dute, presoarentzat ezer ez baino hobea dela iritzita.
Euskal presoen espetxe erregimenak gaixotu egiten duela salatu du Jaiki Hadik
Osasun eskubidea beste ezeren gainetik dagoela aldarrikatu du elkarteak, eta hura betetzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu