Euskal presoak

Euskal presoen giza eskubideak errespetatzea exijitu du Sarek Bilbon

Konpartsekin batera, manifestazioa antolatu du Aste Nagusian. Salatu dutenez, gaur gaurkoz, ez dago justifikaziorik «salbuespen juridikoari» eusteko.

Sare Herritarrak eta Bilboko Konpartsek antolatutako manifestazioa, gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko abuztuaren 25a
17:01
Entzun

«Euskal presoei oraindik ere salbuespenezko legedia aplikatzen zaie», salatu du Bego Atxa Sare Herritarreko bozeramaileak gaur, Bilboko Aste Nagusian egindako manifestazio jendetsuan. Bilboko Konpartsekin antolatu dute protesta, eta euskal presoen giza eskubideak errespetatzea exijitu dute. «Euskal presoen giza eskubideen urraketa ez da amaitu; horren adibide nagusia da Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak jarraitzen duela presoei emandako hirugarren graduen %75i helegitea jartzen», adierazi du Atxak.

Etxera lelopean, Plaza Eliptikotik abiatu dute manifestazioa, eta Euskal presoak etxera! eta Etxerako bidean, oztoporik ez oihukatuz, Kale Nagusia zeharkatu dute, udaletxera heldu arte. Bi fanfarrek girotu dute manifestazioa, baita trikitilari eta panderojole talde handi batek ere. Udaletxearen parean, topa egin dute herritarrek, «azken urteetako lorpenak» ospatzeko. «Esperantza garaietan bizi gara euskal presoen gaian», nabarmendu du Atxak. Gizarteari eta ekimen politiko, sindikal eta juridikoei egindako lana aitortu die: «Haiei esker etapak ixten joan gara, pixkanaka gauzatzen joan dadin gure leloa: etxera».

Atxak ez du aipatu gabe utzi 34 urte baino gehiagotan urruntze politikak eragin duen oinazea: «Ez bakarrik kartzeletan, baita senideen kolektiboan ere». Orain, etapa «berri batean» sartu direla azpimarratu du: «Preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzeko bidea irekitzeko etapa».

Konpromiso «irmoa»

«ETAk jarduera armatua bukatzeko erabakia hartu eta hamabi urtera, eta bere burua desegin eta bost urte baino gehiago igaro ondoren, ezin da jarraitu Euskal Herrian ezer aldatu ez bailitzan». Atxak kritikatu duenez, gaur egun, ez dago «inolako justifikaziorik» salbuespen juridikoari eusteko. Hori dela eta, konpromiso «irmoa» eskatu die eragile politiko, sindikal eta sozialei, kartzeletan pairatzen duten salbuespen egoera «behingoz» buka dadin.

Atxak argi utzi du ez direla euskal presoentzako «pribilegioak» eskatzen ari. Espetxe politikarako legedia arrunta aplikatzea nahi dute: beste edozein presori aplikatzen zaiona. Hau da, euskal presoentzako «legezkotasuna» eskatu dute.

Udaletxearen parean egindako ekitaldian, Sareko bozeramaileak herritarrei dei egin die: «Etxean nahi ditugu; eta helburu hori errealitate izan dadin, den-denok behar zaituztegu». Aste Nagusia baliatu nahi izan dute errebindikazioa egiteko: «Aste Nagusiaz gozatu eta eskubideak aldarrikatu». Izan ere, Donostiako Aste Nagusian ere manifestazioa egin zuen Sarek, baita Gasteizko jaietan ere. Azken horretan Etxerat-ek ere hartu zuen parte.

Bilboko manifestazioaren ostean, elkartasun bazkaria antolatu dute Txori Barrote konpartsan. Arratsaldean, gainera, ekimena egingo dute Kaskagorrin, 17:30ean. Horren ostean, Skabidean musika taldeak emango dio amaiera egunari, Kaskagorrin bertan kontzertua eskainiz. 18:00etan izango da hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.