Euskal presoen giza eskubideak errespetatzeko exijitu du Sarek

Bilboko Konpartsekin batera, manifestazioa egin du Aste Nagusian. Euskal presoei aplikatutako salbuespen legedia salatu dute

Sare Herritarrak eta Bilboko Konpartsek atzo antolatutako manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
«Euskal presoei oraindik ere salbuespenezko legedia aplikatzen zaie», salatu zuen atzo Bego Atxa Sare Herritarreko bozeramaileak, Bilboko Aste Nagusian egindako manifestazio jendetsuan. Bilboko Konpartsekin antolatu zuten protesta, eta euskal presoen giza eskubideak errespetatzeko exijitu zuten. «Euskal presoen giza eskubideen urraketa ez da amaitu; horren adibide nagusia da Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak jarraitzen duela presoei emandako hirugarren graduen %75i helegitea jartzen», adierazi zuen Atxak.

Etxera lelopean, Plaza Eliptikotik abiatu zuten manifestazioa. Urte hasieran aurkeztutako euskal presoen eskubideen aldeko ikur berria zuen oihal handi batek hasi zuen martxa. Eta «Euskal presoak etxera!» eta «Etxerako bidean, oztoporik ez» oihukatuz, Kale Nagusia zeharkatu zuten, udaletxera heldu arte. Bi fanfarrek girotu zuten manifestazioa, baita trikitilari eta pandero-jole talde handi batek ere. Leloa oinarri, hainbat koloretako oihal txikiagoak ere eraman zituzten, besteak beste, «Emakume presoak etxera», «Preso adinduak etxera» eta «Larriki gaixo dauden presoak etxera» esaldiekin. Erraldoi batzuek ere hartu zuten parte; haiek ere ikurrarekin.

Udaletxearen parean, topa egin zuten herritarrek, «orain arte lortutako aurrerapauso guztiak eta azken urteetako lorpenak» ospatzeko. «Esperantza garaietan bizi gara euskal presoen gaian», nabarmendu zuen Atxak. Egindako lana aitortu zien hala gizarteari nola egitasmo politiko, sindikal eta juridikoei: «Haiei esker, etapak itxiz joan gara, pixkanaka gauzatuz joan dadin gure leloa: etxera».

Atxak ez zuen aipatu gabe utzi 34 urte baino gehiagoan urruntze politikak eragin duen oinazea: «Ez bakarrik kartzeletan, baita senideen kolektiboan ere». Orain etapa «berri batean» sartu direla azpimarratu zuen: «Preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzeko bidea irekitzeko etapa».

«ETAk jarduera armatua bukatzeko erabakia hartu eta hamabi urtera, eta bere burua desegin eta bost urte baino gehiago igaro ondoren, ezin da jarraitu Euskal Herrian ezer aldatu ez balitz bezala». Atxak kritikatu zuenez, gaur egun ez dago «inolako justifikaziorik» salbuespen juridikoari eusteko. Horregatik, konpromiso «irmoa» eskatu zien eragile politiko, sindikal eta sozialei, kartzeletan pairatzen duten salbuespen egoera «behingoz» buka dadin.

«Legezkotasuna»

Hainbat alditan azaldu duten bezala, Atxak argi utzi zuen ez direla euskal presoentzako «pribilegioak» eskatzen ari. Espetxe politikarako legedi arrunta aplikatzea nahi dute: beste edozein presori aplikatzen zaiona. Hau da, euskal presoentzako «legezkotasuna» eskatu dute.

Udaletxearen parean egindako ekitaldian, Sareko bozeramaileak herritarrei dei egin zien: «Etxean nahi ditugu; eta helburu hori errealitate izan dadin, den-denok behar zaituztegu». Aste Nagusia baliatu nahi izan dute erreibindikazioa egiteko: «Aste Nagusiaz gozatu eta eskubideak aldarrikatu». Izan ere, Donostiako Aste Nagusian ere manifestazioa egin zuen Sarek, baita Gasteizko jaietan ere. Azken horretan Etxerat-ek ere hartu zuen parte.

Bilboko manifestazioaren ostean, elkartasun bazkaria antolatu zuten Txori Barrote konpartsan. Arratsaldean, gainera, ekitaldia egin zuten Kaskagorrin. Eta, horren ostean, Skabidean musika taldeak eman zion amaiera egunari, Kaskagorrin bertan kontzertua joz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.