'Euskal Y'-aren %20 inguru baino ez dago eraikita, AHT Geldituren arabera

Tren lasterra gelditzeko une egokia dela uste du taldeak, azpiegiturak berraztertzeko irizpideen barruan baita

Bilbo eta Gasteiz arteko zatia dago aurreratuen; irudian, Durangoko obrak. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Agintari politikoen adierazpenei erreparatuta, AHT abiadura handiko trenaren obrak erritmo bizian doazela eman lezake, baina aurreikusi baino atzeratuago daude; beraz, «azpiegitura megalomano hori gelditzeko une egokia da oraindik», AHT Gelditu! Elkarlanaren arabera. Espainiako jarduneko Sustapen ministro Jose Blancoren hitzak oinarritzat hartuta egin du baieztapena taldeak: obren %80 burututa dauzkaten azpiegitura handiak baino ez dira amaituko; hortik behera, egitasmoekin aurrera egin ala ez azter dezake Madrilgo gobernuak. Bada, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako trenbide lasterraren etorkizuna auzitan jartzeko moduan dago, Euskal Y deiturikoaren obren %14,5 eta %23,2 artean baino ez baitaude bukatuta.

Datu publikoak aztertuta heldu da ondorio horretara Elkarlana. Euskal Y-ak 5.235 milioi euroko kostua duela kalkulatu du taldeak. Haren estimazioen arabera, dagoeneko egindako obren prezioa 759 milioikoa da; hala, lanon %14,5 egongo lirateke amaituta.

Hala ere, administrazioek diote 1.216 milioi erabili dituztela Euskal Y-an; Elkarlanak uste du obren ondoriozko beste gastu batzuk daudela zifra horretan sartuta, hala nola proiektuak idaztea eta desjabetzeak. Bigarren datu hori zuzena balitz, lanen %23,2 egongo lirateke eginda.

Edonola ere, datuok kontuan hartuta, AHT Gelditu! Elkarlanak uste du gobernuak garaiz daudela Euskal Y-a gelditzeko, Sustapen Ministerioaren baldintzak betetzen direlako. Jose Blancok aurki utziko duen taldeak atzera egin behar izan du tren lasterraren hainbat proiektutan, krisi ekonomikoaren ondorioz: Andaluziakoa atzeratu du, Kantabria eta Palentzia lotzen dituena utzita dago, eta Madril eta Lisboa artekoa bertan behera utzi behar izan du, Portugal proiektutik atera ostean.

Azpiegitura handiak berraztertzearen inguruan irizpide bat ezarri zuen ministroak 2010ean, eta obren %30-40-50 eginda zeukaten azpiegituren jarraipena auzitan jarri zuen: proiektua bertan behera utzi eta inbertitutakoa galdu edo proiektua amaitu eta krisi garaian gastuak horretara bideratu aztertu beharraz jardun zen.

Baina, abagune horretan, auzitan al dago Euskal Y-a? Zalantzarik ez dauka Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak, udan esan zuenez: «Orain bi urte, ia obrarik ez zegoenean, borroka hori egon zitekeen, baina orain adjudikazioak bata bestearen atzetik datoz. Halako borrokarik ez dago egun». Elkarlaneko kide Imanol Madariagak, ordea, uste du borroka horrek bizirik dirauela: «AHTaren %14 eta %23 artean dago eginda; horrek esan nahi du lanak ez daudela aurreratuta».

«Ingurumenari eta gizarteari kalte handia egin arren, oraindik trenbidearen bostena baino gutxiago egin dute bakarrik», gaineratu du. Zehazki, 40 tartetan dago zatituta tren lasterraren 170 kilometroko ibilbidea, baina bakarra dago bukatuta, eta beste bi bukatzear. Bilbo eta Gasteiz arteko zatia dago aurreratuen, %22,5 eraikita baitago; Gipuzkoako adarrean, berriz, %8,2 baino ez dute egin, nahiz eta tarte gehiagotan abiatu dituzten lanak. «Obra zailenak daude adjudikatzeke eta egiteke: Udalatxeko tunelak, hiriburuetarako sarbideak...», gogoratu du.

28 zatitako lanak daude adjudikatuta; 1.777 milioi euroko kostua ekarriko luke horiek gauzatzea. 2010ean proiektua ia erabat geldituta egon ostean, adjudikazio horietako asko azken urtean egin dira, «gobernu autonomikoek eta eraikuntza enpresek estututa», Elkarlanak salatu duenez: «Euskal Y-a seguru eraikiko dela adierazi nahi diote gizarteari, proiektuari buruzko eztabaida zaharkituta geratzeko, eta haren aurka jardutea zentzugabea delako sentipena handitzeko».

Gizarte murrizketen bidez

Elkarlanaren ustez, datuek diote AHTa gelditzeko une egokia dela oraindik, areago trenbide lasterra «gizarte murrizketak eginez eraikitzen» ari direla kontuan hartuta. Mila Amurrio Elkarlaneko kideak «onartezintzat» jo du krisi garaian AHTari dirua bideratzea hezkuntzan, osasun arloan eta gizarte laguntzetan murrizketak egiten diren bitartean.

Jaurlaritzak 2012rako adostu dituen aurrekontu «antisozialez» mintzatu da: «Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan baino 22 aldiz diru gehiago gastatuko du AHTan, oinarrizko errentan baino 1,4 aldiz gehiago». Nafarroako Gobernuari kritika berdintsua egin dio, Yolanda Barcinaren taldeak 134 milioi euro emango baitizkio trenbide lasterrari, osasungintza publikoan aurrekontuaren %5,9 eta hezkuntzan %7,4 murriztu arren.

Baina Nafarroari beste mezu bat igorri dio Amurriok: bertako AHTa «ez da errentagarria», eta martxan jarritakoan mantentzea ere «garesti» aterako litzateke. Gogora ekarri du Espainian Toledo eta Albaceteren arteko trenarekin gertatutakoa: egunero hamasei bidaiarik baino ez zuten erabiltzen, batez beste; zerbitzua martxan edukitzeak soilik eguneko 18.000 euroko kostua zuen. «Berdina gerta daiteke Nafarroan, Iruñerriko populazioa txikia delako eta bidaiari ardatz nagusietatik kanpo dagoelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.