Azkenean, langile euskaldunak identifikatzeko ekimena abian jarriko du Osakidetzak. Euskaraz dakitenek e urdin bat eramango dute soinean, begien bistan, paziente euskaldunek ezagut ditzaten eta haiekin euskaraz egin ahal izan dezaten. Mediku euskaldunek eta arretan lan egiten duten langileek ere seinalea ikusgai jarriko dute ateetan eta arreta guneetan, erabiltzeek euskaraz egin nahi badiete aukera hori izan dezaten. Gaixo eta pazienteek ere, etorkizunean, zeinu horiek erabiltzeko aukera izatea aztertzen ari dira. Osakidetza urrian hasiko da ekimena abian jartzen, eta azaroan zabaltzeko asmoa du.
Hilabeteak joan dira Osakidetzak egitasmoa garatu zuenetik. 2010ean, osasun zerbitzu publikoko euskara plana ebaluatu zuten, hobetzeko hainbat puntu zehaztuz. Ekarpen horien haritik etorri zen langile euskaldunak identifikatzeko beharra. Plana ere egin zuen Osakidetzak. Osakidetzako euskara teknikariek eta zenbait langilek egokitzat jo zuten egitasmoa, eta Jaurlaritzari eskatu ere egin zioten abian jartzeko, baina tiraderan egon da orain arte. El País kazetak atzo ezagutarazi zuen plana indarrean jartzeko asmoa; Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dute egitasmoaren berri eman jendaurrean.
Osakidetzako zuzendaritzak mezu bat bidali die, nolanahi ere, osasun sistemako zerbitzuen kudeatzaileei, ekimenaren berri emanez. Hasieran borondatezkoa izango dela jakinarazi du mezu horretan. Eta lehentasunez ezartzeko zerbitzu batzuk zerrendatu ditu: lehen arreta, pediatria, larrialdi zerbitzuak eta ospitaleetako unitateak. Unitate bakoitzeko arduradunen zeregina izango da ekimena zabaltzea. Osakidetzak, bestalde, Euskaraz bai sano! izeneko kanpaina egingo du, herritarrei ekimenaren berri emateko.
Euskaldunak agerian jarriko dituzte Osakidetzan
Langile euskaldunak identifikatzeko zeinuak jartzeari ekingo diote, erabiltzaileek haiekin euskaraz egin dezaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu