AEK-k antolatutako Korrika 16ren omenaldi ekitaldia aurkeztu dute gaur Bilbon. Ekitaldiaz gain, Bidaia Intimoak dokumentalaren berri eman dute. AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mujika, Korrika 16ren arduradun Edurne Brouard, Jon Maia bertsolari eta idazlea, eta dokumentala ekoitzi duen Orio Produkzioak ekoiztetxeko kide Unai Ibarbiak eginiko aurkezpenean Korrika Kulturalean kokatu dituzte ekimenok. Urteetan euskara ikasi, transmititu eta sustatu duten hemengo herritarrak, kanpotik etorri eta integratutakoak eta atzerrira joandakoak omenduko dituzte, Korrika Kulturalaren harira.
"AEK dagoeneko erabat murgilduta dabil Korrika 16ren antolakuntzan, bi hilabete eskas falta baitzaizkio euskararen lekukoari Tuteratik abiatzeko. Dena den, bitartean martxan dugu Korrika Kulturala eta, horren barruan, ekitaldi nagusitzat har dezakeguna: omenaldi ekitaldia", azaldu dute.
Korrika 16ren leloaren (Ongi etorri) bidez, AEK-k eta Korrikak "ongietorri bero eta benetakoa" eman nahi diete "euskaraz bizi nahi dugunon herrira etorritako guztiei".
Hain justu, gure gizarte, kultura eta hizkuntzan integratu eta horiek bere egin dituzten etorkinak (lehengoak eta oraingoak) izango dira omenaldiaren ardatza: "Urtetan ehunka mila izan dira Euskal Herrira lan bila, bizimodu hobe baten bila edo bizi ahal izateko leku baten bila, besterik gabe, bertaratu diren familiak. Eta horien guztien artean, hainbestek eta hainbestek, euskal herritarron ongietorria ongi baino hobeto hartuz eta ulertuz, ekarpen goraipagarria egin diote gure hizkuntzari. Euskal Herrira ailegatu, euskara ikasi eta erabili, umeei irakatsi, gure kulturaz gozatu, berari ekarpen euskalduna egin, eta belaunaldiz belaunaldi gure hizkuntza transmititu duten milaka familia horiek izan nahi ditugogoan Korrika 16k aurtengo omenaldia gauzatzeko", azaldu dute ekitaldien aurkezleek.
Omenaldia bi ardatz nagusiotan oinarrituko da: alde batetik, "egin duten ekarpenagatik gure eskerrik zintzoena ematea" eta, beste alde batetik, "beraien guztien ekarpena eta konpromisoa azaleratzea, kanpotik datozen familientzako eta berton jaiotako eta hazitako familia oraindik ez euskaldunentzako eredu izan daitezen".
Euskal Herria, mendeetan etorkin hartzaile izateaz gain, milaka herritarren agurraren lekuko izan da, asko izan baitira emigratu beharrean aurkitu direnak. Horietako gehienak, belaunaldien arteko transmisioa ez baita beti erabat bete, euskara galdu egin dute. "Eta kanpora joan gabe ere, beste horrenbeste izan dira frankismoaren edo Frantziako Estatuko lege jakobinoen erruz, euskara galdu duten familiak". "Korrika 16ren omenaldi xumea", beraz, euskara ikasi eta gero transmisioa bermatu duten familia guztiei eta baita euskara galdu eta berrikasiz transmisioa ahalbidetu duten familia guztiei ere zuzenduta dago.
'Bidaia intimoak' dokumentala, larunbatetik aurrera
Korrikaren azken aldietan ez bezala, kultur ikuskizun hutsetik harago doa aurtengo berrikuntza: omenaldi ekitaldiko omenduak protagonistatzat dituen dokumentala, Bidaia intimoak, izango da ardatza. Lana datorren larunbatean estreinatuko dute jendaurrean.
Bilboko Euskalduna Jauregian ikusi ahal izango da, arratsaldeko 19.00etan. Dokumental honen protagonistak "euskaraz bizi nahi dugunon herrira etorritako lau lagun" direla adierazi dute AEK-ko eta Orio Produkzioak ekoiztetxeko ordezkariek.
Korrika 16
Euskaldundu direnak eta euskara bultzatu dutenak omenduko ditu Korrikak
Euskara ikasi, transmititu eta sustatu duten hemengo herritarrak, kanpotik etorritakoak eta atzerrira joandakoak omentzeaz gain, haiek ardatz dituen =iBidaia Intimoak=i dokumentala estreinatuko dute, Korrika Kulturalaren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu