Euskaldunek ez dute legez bermatuta euskarazko katerik

Euskarazko Komunikazio Taldeak egin duen azterketaren arabera, euskaldunen %79k etaia-euskaldunen %95ek nagusiki erdarazkoak izango diren toki telebistak ikusiko dituzte soilik

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2006ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Euskaldunen eta ia-euskaldunen kopururik handiena alde erdaldunetan bizi denez, euskaldunen gehiengoak ez du izango legez bermatuta euskara hutsezko katerik, ezta nagusiki euskarazkoak izango diren katerik ere.Eusko Jaurlaritzak tokiko telebista digitalak arautzeko egin duen dekretu zirriborroak bermatzen duenaren arabera, euskaldunen %79k eta ia-euskaldunen %95ek nagusiki erdarazkoak izango diren toki telebistak soilik ikusi ahal izango dituzte, eta telebista horietan ikusiko den euskarazko programazioa, gainera, ez dago permatuta prime-time-n ikusi ahal izateko. Gainera, euskaldunen %21ek eta ia-euskaldunen %5ek nagusiki euskaraz izango diren telebistak ikusi ahal izango dituzten arren, telebista horietan ia programazio erdiak erdaraz izan ahalko dira, legez bermatutakoaren arabera.

Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT) Jaurlaritzaren dekretu zirriborroak euskarari nola eragingo dion aztertu du. EKTk ondorioztatu duenez, ez dira beteko dekretuak berak sarreran aitortzen dituen asmoak «hiritar guztiek tokiko komunikabideetan eskaintza bere hizkuntzetan izateko eskubidea». «Erdaldunek izango dute eskubide hori bermatuta». Txostena Jaurlaritzari helaraziko diote EKTko arduradunek.Jaurlaritzak zabaldu duen dekretu zirriborroan, honako lau arazo larri nabarmendu ditu EKTk euskarari dagokionez:

- Euskarazko katerik ez:Dekretuak ez du ziurtatzen euskara hutsezko kateak egongo direnik eskualde bakoitzean. «Euskara hutsezko kateak egotea esleipenera aurkezten diren enpresen borondatearen baitan egongo da lehenik, eta epaimahaiaren eskutan bigarrenik». Horregatik, EKTk eskatu du euskara hutsezkoentzat legez lekua gordetzeko. «Proiekturik aurkezten ez bada, leku hori gainerakoen artean banatu liteke».

Jaurlaritzaren arduradunek erdara hutsezkoei atea itxi zaiela behin eta berriz nabarmendu arren, %85 eta %90ean erdarazkoak izango diren telebistak posible direla ondorioztatu du EKTk. «'Erdara hutsezkoei atea itxi zaie', ideia bere literaltasunean egia izanik ere, dekretuak egongo diren 60 toki telebisten artetik gehienak erdarazkoak izatea ahalbidetzen duela ezkutatzeko erabiltzen ari dira».

- Ia-euskaldunak: Dekretuak kuoten sistema baten bidez arautzen du euskararen erabilera. Demarkazio bakoitzeko euskaldunen ehunekoa hartzen du kontuan eta horren baitako euskararen erabilera ezartzen di telebistei. EKTrentzat ulertezina da kuota hori ezartzeko soilik euskaldunak kontuan hartzea. Izan ere, euren ustez, ia-euskaldunak (euskara nekez edo gaizki hitz egiten dutenak, eta ulertu ondo edo nekez egiten dutenak), ikusle potentzialak dira telebistarako. «Ikusle garrantzitsuak gainera, beren euskara hobetzeko telebista euskaraz ikusteak asko lagunduko baitie».

EKTrentzat oso erabaki «larria» da soilik euskaldunak hartzea kontuan. «Erdaldunak gehiengoa diren eskualdeetan ia-euskaldunak %20 inguru dira, eta bost demarkaziorik erdaldunetan ia-euskaldunak gehiago dira euskaldunak baino».

- %70en betekizuna:Euskaldunak soilik kontuan hartzeaz gain, hortik ondorioztatzen den erabilera indizea bere horretan ezarri beharrean, 10 urteko epea ematen du dekretu zirriborroak indize hori betetzeko. EKTren irudiko, «ez da ulertzen» nolatan zerbitzu publiko baten esleipenean enpresa pribatu batzuei «onartu behar zaien gizartearen atzetik joatea»: «10 urte atzetik».

- Euskarazko programazioa: Telebista orokorren prime-timea 20:00 edo 21:00etatik 23:00 edo 00:00etara doanari esaten zaio. Jaurlaritzaren arabera, telebista lokalei dagokiena 07:00etatik 00:00ak artekoa da, eta dekretu zirriborroak arautzen du telebista lokalei dagokien prime time-an eman beharko dela euskarazko programazioa. «Telebista elebidun edo ia osorik erdalduna izango den batek erabaki lezake euskarazko programazioa ordutegi txarrenean ematea eta benetako prime time-an erdarazkoa».



- Ondorioak: EKTren iritziz, euskaldun gehienek eta are gehiago ia-euskaldunak batuta, zonalde euskaldunetan bizi direnez, ez dute izango euskara hutsezko telebistarik bermatuta. «Nagusiki erdaraz izango diren toki telebistak izango dituzte ikusteko». Azterketaren arabera, telebisten %80 nagusiki erdaraz izango dira, eta kasu batzuetan, euskararen presentzia «hutsaren hurrengoa» izango da, %15, %11 eta %8 kasu. «Larriagoa denaz:euskaldunen gehiengoak ez du izango legez bermatuta euskara hutsezko katerik, ezta nagusiki euskarazkoak izango diren katerik ere».



- Eskariak: Egoera «larri» horren aurrean, EKTk lau eskari egin dizkio Jaurlaritzari. Batetik, euskaldunen eta ia-euskaldunen ehunekoen baturaren proportzioan bermatzeko euskara hutsezko kate kopurua demarkazio bakoitzean, eta gainerakoei kuotak ezartzeko. Bigarrenik, ia-euskaldunak ere kontuan hartzeko euskararen erabilera kuotak ezartzerakoan. Hirugarrenik, ezartzen den euskararen kuota hasieratik bete behar izatea erdarazko kateek. Eta, azkenik, prime time-a telebista orokorrek daukaten bera izatea eta hor ere legezko proportzioan izatea euskarak lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.