Nafarroako Gobernuak 44 irrati lizentzia atera ditu lehiaketa publikora, eta Euskalerria Irratiak BERRIA.INFOri esan dio aurkeztu egingo dela. 1988an egin zuen lehen emanaldia Iruñerriko euskarazko irrati hark, baina euskarazkoa izateak ez dio askorik balioko lehiaketan, honek eremu mistoan —Iruñerrian, esaterako— 100etik 5eko puntuazioa baino ez diolako ematen euskarari. Eremu euskaldunean, 10ekoa.
Juan Luis Sanchez de Muniain gobernuko bozeramaileak, ordea, alde onik ikusten du hizkuntz eskakizunean, “lehen aldia baita lehiaketako baremoan euskara modu derrigorrezko, objektibo eta zehatzean baloratu dena”.
Gobernuak Euskalerria Irratiari sekula ez dio eman emititzeko baimena. Hedabideak bi alditan lortu du Nafarroako Auzitegiak baliogabe uztea erabakia, eta auzia Espainiako Auzitegi Gorenean dago, epaiaren zain.
Hamabi kideko lan taldea du irratiak, eta ehun kolaboratzailetik gora. "Bazkideek, kolaboratzaileek, iragarleek, entzuleek —8.000 entzule, CIESen arabera– emititzeko zilegitasuna ematen digute, Nafarroako Gobernuak behin eta berriz ukatu digun arren".
Iruñerako, bi lizentzia baino ez
44 lizentzia horietatik 27, irratirik ez duten eremuetan banatuko ditu exekutiboak, eta beste hamazazpitan "eskaintza indartzea" da haren helburua. 44tik bi besterik ez dira izango Iruñerako. Sanchez de Muniainek adierazi du lehiaketaren xede nagusia dialean “aniztasuna ziurtatzea” dela. Berrizkuntza teknologikoei hogei puntu eman dizkiote.
Apirilaren 2an bukatuko da proiektuak aurkezteko epea, eta gobernuak iragarri du urrirako jakinaraziko duela erabakia.
Gaur egun Nafarroako erkidegoan hogei irratik dute lizentzia.