Euskalgintza kalera aterako da Iruñean, oldarraldi judizialaren aurka

Zizur Nagusian lanpostu bati jarritako hizkuntza eskakizunen aurkako epaia salatuko dute Nafarroako Auzitegiaren aurrean. Eragile politiko eta sindikalek ez ezik, herriko udalak ere bat egin du protestarekin.

LABek deitutako protesta, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Oldarraldi judizialaren aurkako protesta bat, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko otsailaren 7a
13:30
Entzun

Euskararen aldeko eragileak kalera aterako dira beste behin, normalizazioari jarritako oztopo judizialak salatzera. Ostegunean eginen dute elkarretaratzea, 17:30ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrealdean. Zizur Nagusiko (Nafarroa) udal lanpostu bati euskara eskakizuna kendu zion epaia dago deialdiaren oinarrian, baina, kasu jakin hori salatzeaz gain, euskararen aurkako «oldarraldi judizialari» aurre egitea da asmoa. «Zizur Nagusiko herritarrak deituta daude, baina Nafarroako gainontzeko herritarrak ere bai, udal askotan gertatu baita arazo hau, bai Nafarroan eta bai Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian», azaldu dute antolatzaileek, ohar batean. Hizkuntza eskubideen alde. Euskararen aurkako epairik ez! lelopean eginen dute protesta.

Euskalgintzako eragileek egin dute deialdia —Zizurko Euskara Taldeak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Euskal Herrian Euskaraz-ek eta Euskararen Defentsarako Sareak—, baina, haiekin batera, pankartaren atzean izanen dira LAB, Steilas eta ELA sindikatuak eta EH Bildu eta Geroa Bai talde politikoak. Zizur Nagusiko Udalak berak ere babesa adierazi zion deialdiari, urtarrileko osoko bilkuran. «Aspaldi ez bezala, babes instituzionala lortu du kasu honek», irakur daiteke oharrean.

Euskara, bederatzi lanpostutatik bakarrean

Abenduaren 1ean iritsi zen Zizurko Udalaren aurkako epaia: Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak atzera bota zituen udal lanpostu baten euskara eskakizunak, UPNk jarritako helegite bat aintzat hartuta. Zehazki, herriko obretan jarduteko lanpostuetako bati jarria zion udalak euskaraz jakiteko betebeharra; UPNren ustez, ordea, erabakia ez zegoen «justifikatuta».

Epaiaren berri izan eta berehala, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak atsekabea adierazi zuen: «Berriro ere epaileak hizkuntza politika egiten, eskubideen kaltetan». Gaubekak esan zuen ondo zehaztu behar dela Zizur Nagusiko lanpostu horri eskakizun hori zer-nola ezarri zitzaion; izan ere, guztira herriko obretan jarduteko bederatzi lanpostutarako deia egin zuen udalak, eta horietako bakar bati ezarri zion hizkuntza eskakizuna. Gainera, adierazi zuen lan deialdian ondo azalduta zegoela zergatik zen garrantzitsua euskaraz jakitea langile horien artean; izan ere, udalerrian mantentze lanak-eta egin behar dituzte langile horiek, eta, ondorioz, hainbat eragilerekin izan behar dituzte hartu-emanak: «Kultur eragileekin, gaztetxearekin...». Horiek horrela, gogoratu zuen erabateko zentzua duela lan horietan aritu behar duenari euskaraz jakin dezan eskatzea. «Gainera, oroitu behar da bederatzi lanpostutatik bakar bati jarri zitzaiola eskakizuna: bakar bati».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.