Euskalgintzako hainbat eragilek babesa eman diote BERRIAlagunari

'Zure ziztada behar dugu' ekinaldiaren beste fase bat hasi da, eta denek premiazko jo dute BERRIAren presentzia

Euskalgintzako hainbat eragile BERRIAlagunari babesa ematen, atzo, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Andoain
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Euskalgintzako hainbat eragile elkartu dira Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, BERRIAlaguna komunitateari babesa emateko asmoz. BERRIA Taldea lanean ari da hurrengo urteetan ere euskarazko kazeta izateko eta erronka berriei aurre egiteko, eta helburua da diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristea. Bada, euskalgintzako hainbat pertsona ezagunen atxikimendua jaso dute. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest dauden 5.000 lagun topatzea da aurtengo erronka, eta, oraingoz, 1.400ek eskaini dute laguntza.

Arazo ekonomikoak bultzatuta, BERRIA Taldea iazko azaroan hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Joanmari Larrarte hedabide taldeko kontseilari ordezkariak jakinarazi duenez, egoera oso da zaila: «Inoiz baino irakurle gehiago ditugun arren, diru sarrerak inoizko txikienak dira». Nagusiki bi dira horren arrazoiak: bata, hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa — paperaren beherakada eta sarearen gorakada baina diru sarrera gutxirekin—, eta, bestea, krisi ekonomikoa — erosle, diru laguntza eta publizitate gutxi—.

Egoera horrek gogoeta egitera bultzatu du BERRIA Taldea, eta Larrarteren hitzetan, «bazkidetza sortzea» da irtenbide bakarra: «Euskarazko hedabidea nahi dugula? Ba bazkidetza sortu eta ziztadak lortu beharko dira krisitik ateratzeko». Sistema horren aldeko apustua Vilaweb Kataluniako komunikabideak egin zuen lehenik, eta bide bera hartzea erabaki du euskarazko hedabideak.

Kanpaina herriz herri hedatzea da hasi berri den bigarren fasearen asmoa, eta baita sektore ezberdinekin hainbat ekimen egitea ere. Orain euskalgintzako jendearen txanda izan da, eta 23 laguneko taldeak atera du argazkia. Guztiek ere gauza bera nabarmendu dute, euskarazko hedabide bat egotea premiazkoa dela baldin aurrera egin nahi bada, eta herrigintzan lan eginda soilik lor daitekeela hori.

Joxemari Sors Elkar argitaletxeko zuzendariak garbi adierazi du zerk bultzatuta inguratu den ekitaldira: «BERRIAk abian jarri duen proiektua oso da garrantzitsua herri garapenerako. Herrigintzatik aterako dugu aurrera; izan ere, politikoek ez dute inolako laguntzarik ematen halako kasuetan, eta hori tristea da». Joanmari Torrealdaik Jakin-eko zuzendariak ere elkarlanaren garrantzia nabarmendu du: «Egunkaria-k hasi zuen bidean jarraitu beharra dago, eta horretarako elkarlana da sekretua. Euskalgintza komunitate bat da, eta hura trinkotzeko gaude hemen».

Zure ziztada behar dugu kanpainan ahalik eta arlo gehienetako jendea inplikatzea da helburua, eta aurrera begira bertsolarien parte hartzea ziurtzat jo badaiteke ere, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko zuzendariak ez du hutsik egin: «Bertsolari gisa laguntzeko beharra sentitu dudalako etorri naiz. Euskarazko hedabide bat premiazkoa dugu, eta bertsolarion obligazioa da laguntzea. Kazetaritza idatzia desagertzear egon daiteke, eta horri buelta eman behar zaio». Bertsolaritza eta BERRIA eskutik helduta doazela esan du: «Kanpaina eskualdeetara zabaltzen denean hortxe egongo gara; udazkenetik aurrera, batez ere».

Euskaltegientzat, premiazko

Egoerari buelta emateko prest agertu den beste bat Marian Bidegain izan da, Maizpide euskaltegiko zuzendaria. Orain 25 urte euskarazko testuak lortu ahal izateko mirariak egin behar zirela adierazi du, eta egun, eskura daudenean, ezin daitekeela onartu desagertzear egotea: «Izugarrizko luxua da euskarazko testuak edukitzea. Oinarrizko baliabidea da BERRIA euskara ikasteko, eta gure ikasleei irakur dezaten agintzen diegu». Karlos Ibargurenek iritzi dio ikasteko ez ezik osasun sistema euskalduntzeko ere beharrezkoa dela: «Ezin liteke osasun arloa euskaldundu euskarazko hedabide osasuntsu bat eduki gabe».

Euskarazko egunkariaren presentzia behar-beharrezkoa da, beraz, guztien esanetan, baina egoerak gainezka egiteko arriskua hor dago. Larrarteren arabera, «azken bi urteetan izugarri jaitsi dira diru laguntzak, eta ez da erraza apustu bideragarria egitea». Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, dena den, ez luke imajinatu ere egin nahi BERRIArik gabeko euskal gizartea: «Komunikabide euskalduna edukitzea premiazkoa da normalizaziorako bidean, ez dut egunkaririk gabeko Euskal Herria imajinatzen».

Igone Lamarain Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kideak euskal komunitatearen garrantzia aipatu nahi izan du: «Euskaraz bizitzeko ezinbestekoa da euskal komunitatea indartzea, eta oinarria BERRIA egunkaria da. Euskal Herrian guztia zabaldu behar da euskaraz eta euskaratik».

Kirolarien atxikimenduak

Hainbat kirolarik eman diete dagoeneko diru laguntza BERRIA Taldeari: Mikel Astarloza, Igor Anton eta Haimar Zubeldia txirrindulariek; Mikel Labaka, Mikel Aranburu eta Aritz Aduriz futbolariek; Oier Mendizabal pilotariak; Joanes Aierbe errugbi jokalariak; Lander Lasa saskibaloi jokalariak, eta Alberto Iñurrategi mendizaleak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.