Euskaltegien alde egiteko, herritarrak protagonista

Euskaltegiek aurrera egiteko giltza gizarteak du, Helios del Santo Nafarroako AEK-ko koordinatzailearentzat

Helios del Santok aurkeztu du AEKren kanpaina berria. LANDER F. ARROIABE / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
«Herritarrak, ikasleak dira gure altxorra». Nafarroako AEK-ko koordinatzaile Helios del Santorenak dira hitzak. Mezu hori bilakatu du euskaltegiak bere azken kanpainako ardatz. 120 talde, 74 irakasle eta 1.300 ikasle ditu AEK-k Nafarroan, eta haiek dira kanpainarako egindako bideoko protagonista. Egun bakar batean ateratatako 116 argazkitan, AEK-k herrialde horretako 50 herritan dituen euskaltegietako irakasleak eta ikasleak ageri dira.

Haien babesa badute euskaltegiek. Kanpainaren aurkezpenean, gainera, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Pello Mariñelarena, Kontseiluko kide Iñaki Lasarena eta Sortzen Ikasbatuaz-eko Nafarroako koordinatzaile Nestor Salaberriarena jaso dute, bertzeak bertze.

Ez dute izan, ordea, Nafarroako Gobernuaren babesa, Del Santok adierazi duenez. 2000tik 2010era bitarte jasotako diru laguntzen kopuruak %50 behera egin duela salatu du AEK-ko arduradunak. Iaz, 240.000 eurokoa izan zen euskaltegientzako diru saila. «Aurten, %40 egin du behera».

Gobernuak euskaltegiak ito nahi dituela ohartarazi du AEK-ko arduradunak. Nafarroako agintariek, gainera, helduen alfabetatzerako eta euskalduntzerako inolako plangintzarik ez dutela salatu du Del Santok. Egoera hori ikusirik, argi du herritarrek dutela euskaltegiek aurrera egiteko giltza.

Euskaltegiko arduradunak Nafarroako Parlamentura joanen dira datorren astean, euskaltegien aldeko kanpainarako egindako argazkiak alderdi guztiei ematera. Bitartean, elkarretaratzea eginen dute parlamentuaren egoitzaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.