Euskaltegien finantzaketa %4,3 jaitsi du Jaurlaritzak

Funtzionarioen euskalduntzeari lotutako atalean jaitsiera adierazgarria eman dela dio AEK-k

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak 2010-11 ikasturtean baino 1,4 milioi euro gutxiago emango die euskaltegiei hasi berri den ikasturteko lana finantzatzeko; hau da, euskaltegiek aurreko urtearekiko %4,3ko murrizketa izango dute. Gobernu kontseiluak onartutako kopuruen arabera, euskaltegi pribatu homologatuek 20.730.000 euro jasoko dituzte, aurreko ikasturtean baino %3,9 gutxiago. Udal euskaltegien kasuan %5,1 jaitsiko da, 10.711.000 eurorekin finantzatuko baititu Eusko Jaurlaritzak.

Euskaltegi pribatu homologatuek 17,2 milioi euro izango dituzte ohiko eskoletarako eta 1,1 milioi euro nork bere kabuz ikasteko ekimenetarako. Funtzionarioen ikasturte osoko euskalduntze eskoletarako, 1,2 milioi euro bideratu ditu Jaurlaritzak, eta ikasturte erdia baino egingo ez dutenentzat, 450.000 euro. Azkenik, barnetegietan egiten diren heziketa ekimenei 690.000 euroko laguntza emango zaie.

Behin betiko finantzaketaren berri orain izan duten arren, nolabait ere horren berri bazutela azaldu du Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak. «Ikasturteka funtzionatzen dugun neurrian, irailean aurreratu ziguten nondik nora etorriko zen ebazpena». Hainbat ataletan jaitsierak egon diren arren, murrizketa adierazgarriena funtzionarioen euskalduntzera bideratutako aurrekontuan dagoela zehaztu du Mujikak. Datu horrek Eusko Jaurlaritzako euskalduntzeko planei buruzko gogoeta egiteko balio dezakeela ohartarazi du.

Jaitsierak jaitsiera, euskaltegiek etorkizunera begirako kezka dutela jakinarazi du Mujikak. «Ikasturte honetan nola edo hala egingo dugu aurrera, baina kezkatuta gaude lantzen ari diren aurrekontuetan HABEk 2012an izango dituen diru laguntzekin». Horri buruz entzuten ari diren informazioak gauzatuz gero normalizazioa «nekez» lortuko dela gaineratu du Mujikak.

Euskaltegien finantzaketari buruz hitz egiteko bilerara deitu dute hil honen 18an. Bilera horietan akordioak azkar lortu eta 2012ko aurrekontuetan islatu beharko liratekeela nabarmendu du Mujikak. «Datorren urteko aurrekontuetan gako batzuk argituko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.