EUSKARA

Euskaltegietako ikasleei «malgutasuna» eskainiko diete ikasturte honetan

Ikasleak «seguru» sentitzeko helburuarekin, euskaltegiek lau eskaintza egingo dituzte: B2 mailara arte doan ikasteko aukera egongo da, baldintza batzuekin. AEK-k gogorarazi du beren egoera «prekarioa» dela.

Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide euskaltegian ikasle batzuk euskara eskolak jasotzen. JON URBE / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko irailaren 17a
13:21
Entzun

Malgutasuna; euskara ikasteko hainbat aukera eskainiko dizkiete ikasturte honetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegietako ikasleei. Hain zuzen, euskara ikasteko «formula» hautatzeko aukera izango dute, eta horretarako EAEko erakundeek eta euskaltegiek kanpaina bat aurkeztu dute Gasteizen, Euskara ikasteko zure formula lelopean. Guztira lau aukera egongo dira, eta helburuetako bat da ikasleei ahalik eta eskaintzarik «zabalena» egitea eta euskaltegietara «lasaitasunez» joatea, betiere osasun eta segurtasun neurriak beteta. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua aurkezpenean izan da, eta ikasturteko asmo berriak izan ditu gogoan: «Ikaslea erdigunean jarri eta inoizko eskaintzarik malguena jarri da herritarren eskura. Helburua ikaslea seguru sentitzea da, eroso, eta erraztasun guztiak izatea euskara ikasteko prozesuan».

Mahai gainean lau aukera egongo dira. Zupiriak jakinarazi du lehena aurrez-aurreko eskolak mantentzea izango dela, ikasgeletan ikasleen segurtasuna mantenduta. Jardun biko eskolak ere eskainiko dira, aurrez-aurreko eskolak eta ez-presentzialak uztartuta. Areago, ikasle bakoitzak bere kasa euskara ikasteko aukera ere egongo da, autoikaskuntzan oinarrituta. Horretarako, Kultura sailburuak erantsi du aurreko urteetan baino aukera gehiago eskainiko direla. Azkenik, bideokonferentzia bitartez ere jasoko dira eskolak, taldeetan banatuta irakaslearekin batera. Baina bada gehiago ere: «Eskola horiekin batera, ahalegin guztia egingo da barnetegiak eta gainontzeko ikastaroak ere egin daitezen».

Eskolak jasotzeko aukera ez ezik, Zupiriak doakotasuna ere izan du hizpide: «B2 mailara arte, doakotasuna egongo da, asistentzia, neurriak eta mailak gainditzea bermatuz gero». Hau da, ikasleek matrikulazioan ordaindutako diru kopurua berreskuratzeko aukera izango dute, betiere %75eko asistentzia bermatzen bada eta B2 mailara bitarteko mailak gainditzen badira. Kultura sailburuaren arabera, Jaurlaritzako hartutako «konpromiso» bat da hori, eta azken urteotan euskara ikasteko bidean «lagungarria» izan dena. Horretarako, Jaurlaritzak aurten hiru milioi euro jarriko ditu. Hala, Zupiriak erantsi du ahalegina egingo dela «ikasleen beharrizanetara eta segurtasun baldintzetara» egokituko den ikasturte bati ekiteko, eta ahalik eta ikasle gehienek euskaltegietan izena emateko.

AEKren mezua

Iñaki Urkijo AEK-ko ordezkaria ere agerraldian egon da, eta baita ikasle bat ere. Haren arabera, zalantza ugari izan dituzte azken hilabeteotan, baina «gogoz eta ilusioz» ekin diote ikasturte berriari. «Euskaltegietako eskaintzak eta baldintzak egoera honetara egokitu ditugu, eta hala egingo dugu datozen hilabeteetan ere, ikasleak eta irakasleak seguruago egon daitezen». Alabaina, gehitu du eskolak eta ikastaroak emateko moduak egokitzeak ahalegin pertsonala eta ekonomikoa eskatzen duela, hala nola azpiegiturak eta baliabideak bermatu behar direlako. «HABEri [Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea] gogorarazi behar diogu gure sektorea feminizatua eta prekarioa dela, eta lankideen egoera hobetzeko pausoak eman behar direla, baliabide ekonomikoetan, laguntza pedagogikoetan eta prestakuntzan gehiago inbertituta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.