Euskaltzaindiak ezohiko erabaki bat hartu du: hiztegiko hainbat hitzen esanahia moldatuko du "gaurko errealitatera" egokitzeko. Zehazki, familia harremanei dagozkien definizioak aldatuko ditu; horren ondorioz, esate baterako, errain-en definizioan alabaren emaztea ere sartuko du, semearen emaztearekin batera. "Gizartea aldatuz doan bezala, forma horien definizioak ere aldatu egin dira", dio gaur bidali duen oharrean. Aurreratu dituen bi adibidetan sexu berekoen ezkontzetara egokitu du hiztegia.
Beste adibidea aitaginarreba hitzaren definizioari dagokio: aitaginarreba orain arte "senarraren aita emaztearentzat, edo emaztearena senarrarentzat” zen Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera (ikusi irudia). Oraingo proposamenean, berriz, “ezkontideetako baten aita beste ezkontidearentzat” definizioarekin jaso da.
Hilabeteko epea oharretarako
Arreta berezia jarri du Euskaltzaindiak azken hilabeteetan generoari dagozkion gaietan, eta aldaketa horiek, beste batzuekin batera, Batzorde Ahaldunduak aztertu eta oharreztatu ditu. Abenduaren 22ko osoko bilkuran aurkeztu zituzten, eta euskaltzain osoek hilabeteko epea dute orain horiei oharrak egiteko. "Kontrakorik ez bada, ontzat eman eta hiztegian aldatuko dira", jakinarazi du Euskaltzaindiak oharrean.
Familia arteko loturei dagozkien definizioak aldatzeaz gain, dinastia kontuetan ere zenbait aldaketa jaso ditu proposamenak. Esaterako, infanta "erregearen alaba, erreginagaia ez dena" gisa zegoen lehen. Orain, berriz, erregearen figura erreginarenaren gainetik jartzeari utzi, eta “monarka baten alaba, erreginagaia ez dena” esanez definitu nahi du.