Euskaltzaindiaren hiztegiak baditu lehen 20.000 hitzak, beren definizio, kategoria gramatikal, espezialitate, erregistro eta euskalki markekin, aditz erregimenekin eta benetako erabileratik jasotako adibideekin. Gaur aurkeztu dute, hain zuzen, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak-en lehen bertsioa, Bilbon, Euskaltzaindiak, Elkar argitaletxeak eta Elhuyar Fundazioak. Hiruren artean egin eta argitaratu dute.
Haien arabera, "euskararen normalizazioaren eta normatibizazioaren bidean garrantzi handia" izango du hiztegiak. "Lanerako tresnatzat" jo dute. Proiektuaren zuzendari Ibon Sarasolak esan du lana egitean ez dutela pentsatu hizkuntzalari edo adituengan, "publiko zabalean" baizik eta, hala, ahalegin handia egin dutela adibide zehatzak jartzeko.
Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu du lehen bertsioan hitz berriak ez daudela, "oinarrizko lana delako hau", baina ele berriekin lantalde bat beharrean ari dela eta hurrengo batean argitaratuko dituztela.
Bigarren bertsioak beste 36.000 sarrera edukiko dituela aurreratu dute. Hemendik hiru bat urtera helduko da emaitza.
Lanaren oinarria Euskaltzaindiak onartua duen Hiztegi Batua da, lehen itzulian argitaratutako hitzak. Lan berriak askoz informazio gehiago eskaintzen du.
Aurkezpenean, besteak beste, Urrutia euskaltzainburua, Sarasola hiztegiaren zuzendaria, Olatz Osa Elkarreko zuzendaria eta Itziar Noguera Elhuyar Fundazioko zuzendaria izan dira.
Hiztegia 45 euroan dago salgai. Interneten oraindik ez daukate jarria.