HEZKUNTZA

Euskara ardatz duen sistema proposatu du Jaurlaritzak

Heziberri 2020 planeko eredu pedagogikoa adostu dute gobernuak eta eragile batzuek. Berritasun batzuk proposatu dituzte: besteak beste, ikasleen errepikapenak baztertzea. Eskola bakoitzak hizkuntza proiektu bat egin beharko du.

Uriarte, eskuinean, Heziberriren bilera batean. JUANAN RUIZ, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko otsailaren 26a
08:52
Entzun

Lehen urratsa egin dute Eusko Jaurlaritzak eta hezkuntzako eragile batzuek Heziberri 2020 proiektuarekin: hezkuntza eredu pedagogikoaren esparrua zein izango den adostu dute. Bilera egin dute goizean Gasteizen.

Arratsaldean izango du bigarren ekinaldia Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak: Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko du egitasmoa, eta taldeen artean eztabaida izango da. Oposizioaren babesik ez du, oraingoz, EAJren gobernuak. LOMCEri aurre egiteko ez duela balioko ohartarazi dio, adibidez, EH Bilduk, eta ikuspegi nazionalista izatea leporatu diote PSE-EEk, PPk eta UPDk.

Hitzen erabilera bereziki zaindu dute txostenean. Euskal Herria kontzeptua ageri da euskarazko bertsioan —"Giza taldeek denetariko erantzun eta adierazpen kulturalak ematen dituzte. Hori ez da oztopo hemen Euskal Herria izeneko hizkuntza eta kultur agregatu bat dagoela aitortzeko"—, baina gaztelaniazkoan País Vasco darabilte.

Gaitasunetan oinarrituta
Finean, konpetentzietan oinarritutako eredua adostu dute, Europako Batasunak zedarritutako bideari jarraitzeko. Oinarria, beraz, "egiten eta ekiten ikastea" izango da: "Adierazpen jakintza akademikoak eskuratzeak beharrezkoa eta ezinbestekoa izaten jarraitzen du, baina ez da nahikoa".

Bide horretan, hizkuntzetan proposatu dute sistema eleaniztun batera jotzea. "Sistema eleaniztun horrek euskara izango du ardatz, era horretan gainditu ahal izateko bi hizkuntza ofizialen arteko desoreka —gaur egun euskararen aurkakoa—, eta bi hizkuntzen berdintasun soziala eta ikasleen aukera berdintasuna sustatzeko". Euskarari tokia egin nahi diote. "Euskara ohituraz eta modu normalizatuan erabiltzen dela bermatuko da, barruko nahiz kanpoko jardueretan eta, oro har, eskolako ekintzetan".

Eskola bakoitzak hizkuntza proiektu bat egin beharko du. "Kontua ez da bi edo hiru hizkuntza eskuratzea, zein bere aldetik. Aldiz, hizkuntza gaitasun guztiak biltzen dituen hizkuntza bilduma bat garatu nahi da". Horretarako, "trataera integrala" egin beharko dute ikastetxeetan; alegia, Euskara ematen duen irakasleak bakarrik ez duela izango hizkuntza lantzearen ardura. "Eskola osoa dago inplikatua".

Beste proposamen batzuk
Hezkuntzaren eredu pegagogiko berrian, proposamen batzuk jarri dituzte mahai gainean. Batetik, errepikapenak baztertzea. Azken urteetan gero eta iritzi zabalduagoa da alferrekoa dela esperotako emaitzak lortzen ez dituzten ikasleei ikasturtea errepikaraztea. Hori ohartarazi dute txostenean ere: "Aski frogatuta dago errepikapenak ez diola inolako ekarpenik egiten ikaslearen prestakuntza eta errendimendua hobetzeari". Proposamena da "txosten indibidualizatuekin" pasatzea ikasleak mailaz, eta hutsuneak zuzentzen joatea. Hori, betiere, derrigorrezko eskola garaian egingo lukete —DBHra arte—; hortik aurrera “izaera diskriminatzailea onartu beharra” dagoela adierazi dute.

Beste proposamen bat da irakasleen prestakuntzan sakontzea. Maisu-maistrek medikuen Bame barruko mediku egoiliarren gisako bat egitea aipatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.