Koronabirusaren ondorioz, atzeratu egin zuten euskara azterketen prozesua, baina zehaztasunak eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Ekainean egingo dituzte azterketak, 12tik 18ra. Lekuan aldaketa nabarmena egin dute: erabaki dute BECen (Barakaldo, Bizkaia) egitea azterketak, ez herrialde bakoitzean leku batean. Zentralizatu egin dituzte azterketak, beraz. Eusko Jaurlaritzaren arabera, prebentzio neurriak hartzeko modua ematen du BECen egiteak.
Hiru mailatako azterketak egingo dituzte ekainean: B2, C1 eta C2. Hiru mailetan deialdi itxia egongo da —euskaltegietako ikasleentzat—, eta C1ean, itxia ez ezik, irekia ere bai —16 urtez gorako edonor aurkez daiteke; lehengo EGAren ordezkoa da—. Maila horiek baino beheragokoetan, azterketak euskaltegietan egiten dituzte (A1, A2 eta B1).
Deialdi itxiak. Ekainaren 15etik 18ra egingo dituzte idazmeneko proba B2, C1 edo C2 mailetan euskaltegian ari diren ikasleek. Egun zehatza ez dute esan oraingoz. Idazmeneko proba soilik egin beharko dute BECen. Gainerako trebetasunetan, izan ere, «baliozkotu» egingo diete euskaltegian egina duten ebaluazioa. Hortaz, entzumena, irakurmena eta mintzamena ez dituzte kanpo azterketa horretan egin beharko.
Deialdi irekiak. C1eko deialdia izango da ekainean, eta idazmen eta irakurmen azterketak egingo dituzte BECen. Aurreko aldietan, herrialde bakoitzean zehaztu dute azterketak egiteko leku bat, baina oraingoan erabaki dute denak Barakaldon egitea. Fase hori gainditzen dutenek mintzameneko azterketa izango dute, eta hori bai, norbere herrialdean egingo dute. Uztailaren 20an eta 21ean izango dira ahozkoak.
Aurreko urteetako datuak oinarri hartuta, HABEk uste du 14.000 lagun inguru aurkeztuko direla azterketetara. Jende gehien C1eko deialdietara joan ohi da, bai irekira eta bai itxira.
Prebentzio neurriak hartu beharko dituzte azterketa egitera doazenek, HABEk iragarri duenez: besteak beste, COVID-19aren sintomekin ezingo dira joan, nork bere maskara eraman beharko du, eta segurtasun eta higiene baldintzak errespetatu beharko dituzte.