Hego Euskal Herriko hizkuntz ereduak goraipatu ditu Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak. “Errespetuzko” sistema dela adierazi du: “Murgiltze eredua eta elebikoa aukeran jartzen ditu, familien esku”. Eredugarri jo du modu hori Katalunian indarrean den sistemaren aldean. “Errespetuzkoa da familiarekin, aukera haien esku uzten duelako, eta errespetuzkoa da gobernuak izan dezakeen normalizazio asmoarekin”. Nabarmendu du proposatu duen erreformak ez duela aldaketarik eragingo alor horretan: ukatu egin du euskara eta katalana baztertuko dituela.
Espainiako Kongresuan gogor hartu dute Wert hezkuntza erreformaren harira, alderdi katalanek batez ere. Gatazka sortu nahi izatea egotzi diote, katalana baztertu nahi izatea. Salaketa egiteko, katalanez hitz egin diote Werti. "Zer egingo duzu, guardia zibilak jarri ikasgeletan? Utzi bakean gure umeak", esan dio Alfred Bosch (ERC) diputatuak. EAJk ere kritikatu du Werten asmoa.
“Fede txarrez edo ezjakintasunez” aritzea egotzi die oposizioko alderdiei Wertek. “Esandako ezer ez du jartzen gure proiektuan”. Behin eta berriro adierazi du ez duela asmorik katalana eta euskara baztertzeko: “Ez dut hizkuntzei buruz gatazka sortzeko borondaterik”.
Beste aldaketei buruz, mutu
Hizkuntzak ari dira hartzen hezkuntza erreformaren aldaketen protagonismoa. Badira, ordea, aldaketa gehiago ere: besteak beste, “enborreko” ikasgaien curriculum osoa Espainiako Gobernuak ezarriko du —Historia eta Geografia barruan dira—, Erlijioak ordezko ikasgai edukidun bat izango du, eta Herritartasunerako Hezkuntzarik ez da izango. Hedabide hainbatek jakinarazi dute azken bi aldaketa horiek Elizarekin negoziatu dituela Wertek. Galdetu diote horri buruz, baina une oro ihes egin du ministroak: “Emaitzak dira garrantzitsuenak, ez klixeak”.
Egun du gaurkoa Wert ministroak. Arratsaldean, Espainiako Kongresuan bertan, Hezkuntza Batzordean agerraldia du, erreformaren xehetasunak emateko. Estu hartuko du oposizioak: erreformaren berri eman ondoren, hamabost agerraldi zehatzago egin beharko ditu.