1.278 kasu bideratu zituen iaz Behatokiak, ia denak 'Euskararen telefonoaren' (902-19 43 32) bidez jasoak; horietako 1.172 kexak izan ziren, 2007an baino gehiago. Hain zuzen, herritarrengandik jasotako mezuak izateak txostenari ematen dion balio erantsia nabarmendu du Bilbaok: «Guk egiten dugun azterketarekin ados egon ala ez, herritarren bizipenetan oinarritzen da». Eta Behatokiaren irakurketa ez da batere baikorra: «Euskal Herri osoan eta administrazio guztietan egiten dira hizkuntza eskubideen urraketak».
Behatokiak erakundeei jakinarazten dizkie kexa horiek, eta iaz erantzun asko jaso zituen. Bilbaok dio horrek baduela alde ona, «Behatokia erreferentzia izatea dakarrelako», baina alde txarra nabarmena da: «Arazoen berri ematen diegu, baina ez dute konponbiderik jartzen. Ez dago hizkuntz eskubideak bermatzeko tresna juridiko egokirik».
Ildo horretan, euskararen normalizaziorako planak eta araudiak aipatu ditu Bilbaok, eta Ertzaintza jarri du adibidetzat. 1998an abian jarritako neurriek aurreikusten zutenez, ertzainen %40k euskaldunak izan behar zuten; hamar urteren ondoren, «ez gara kopuru horretara heltzen, berriki lan eskaintza publikoak egin diren arren», esan du Bilbaok. Hartara, normalizazio neurrien progresibotasuna zertan datzan galdetu du: «Hizkuntza eskubideen berme progresiboa aipatzen dute erakunde askok, baina aitzakia horrek babesgabe uzten ditu herritar euskaldunak. Tempusak zehazten ez badira, urraketa berberak izango dira urtetik urtera».
Frantziako eta Espainiako Gobernuek emandako erantzunez ere mintzatu da Behatokia. «Frantziako estatuak 1984ko Deixonne Legeari eusten dio, hizkuntz eskubiderik ez aitortzeko», esan du Bilbaok. Era berean, uztailean Frantziako Konstituzioan egindako aldaketan hizkuntza gutxituen eskubideak aitortu ez izana deitoratu du.
Espainiako Gobernuak, aldiz, «aitzakia berriekin» erantzun diela adierazi du. Hainbat kanpaina eta dokumentu Madrildik igortzen direla eta, estatuko gainerako hizkuntza ofizialak kontuan hartzen ez dituztela salatu du: «Jakinarazi digute gaztelaniaren ezagutza derrigorrezkoa dela; euskara erabiltzea, aldiz, eskubidea. Hor dago arazo guztien muina: gaztelania hutsez igorritako edozein dokumentuk balioa omen du, herritarrek ulertu behar dutelako».
Diagnosia, Europak berretsia
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskararen egoeraren inguruan egindako diagnostikoa nazioarteko aintzatespena lortu duela nabarmendu du Xabier Mendiguren Behatokiko presidenteak: «Behatokiak esandakoa Europako Kontseiluak eta Nazio Batuen Erakundeak berretsi dute».
Besteak beste, Mendigurenek gogoratu du Behatokiak Erregio eta Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna betetzeari buruzko txostena aurkeztu duela, eta Europako Kontseiluak argitaratutako txostenak bat egin duela Behatokiak urtez-urte antzemandako urraketekin. Euskarak dituen arazoei ez ezik, Europako hainbat hizkuntza gutxituk dituztenei erantzuteko ere Behatokiaren lana «garrantzitsua» eta «onuragarria» dela gaineratu du Mendigurenek.
Bestalde, Paul Bilbaok nabarmendu du instituzioentzat «oso erabilgarria» dela Behatokiaren diagnostiko hori, «herritar euskaldunek egunero dituzten oztopoak agertzen dituelako». Ildo horretan, PSE-EEk osatutako Eusko Jaurlaritza berriaren hizkuntza politika aztertzeko ekintzei itxaron behar zaiela adierazi du: «Ikusiko dugu euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko politika eraginkorrak egiten dituzten». Xabier Mendiguren, ordea, zorrotzagoa izan da: «Lehendakariak edo Legebiltzarreko presidenteak euskaraz ez badakite, nekez bermatuko dira hizkuntza eskubideak. Hizkuntza bat askatasunez erabiliko da, hori erabiltzeko gai denik baldin badago. Jaurlaritzan gauzak bide beretik badoaz, egoera ez da hobetuko».
Kexakalor eta lurralde guztietan
Hona hemen iaz Behatokiak jaso zituen kexa nabarmenetako batzuk.JUSTIZIA
Eusko Jaurlaritzako Justizia Saila. Apirilaren 14an Barakaldoko Justizia Jauregiko Egintzak Jakinarazteko Zerbitzura deitu zuen. Gaztelaniaz egin zioten harrera: Buenos días, Centro de... Euskaraz hitz egin nahi zuela adierazi eta pixka bat itxaroteko esan zioten. Ondoren, deia beste luzapen batera bideratu zioten. Telefonoa deika hasi, eta bigarren soinuan deia eten zioten. Bigarrenez deitu zuen, eta bigarrenez gaztelaniaz egin zioten harrera. Euskaraz egiterik bazuen galdetu, eta une horretan ezin zuela adierazi zion langileak euskaraz. 10 minutu igarotakoan, hirugarren deia egin zuen. Orduan ere gaztelaniaz egin zizkioten lehen hitzak. Herritarrak euskaraz hitz egin nahi zuela adierazi zuen berrieo ere. «Lo siento pero no sé en euskera, así que como comprenderás yo no puedo atenderte, si quieres llama más tarde» (Sentintzen dut, baina ez dakit euskaraz; beraz, ezingo zaitut artatu. Nahi baduzu, geroago deitu) erantzun, eta deia eseki zioten. Minutu batzuk igarota, laugarren deia egin zuen. Ordukoan gizonezko batek erantzun zion, horrek ere gaztelaniaz. Hola, buenos días, centro de. Herritarrak: Bai, egunon euskaraz bai. Langileak: «A ver, ¿qué cojones me están diciendo?» (Zer arraoitarako deitzen duzu?), erantzun zion oso modu zakar batean.
GIZARTE ETA LAN ARLOA
Espainiako Gizarte Segurantza Institutua. Gizarte Segurantzaren www.seg-social.es/Internet orriaren atarian, informazioa euskaraz eskura daitekeela aditzera ematen den arren, atal batzuk gaztelaniaz daude soilik.
OGASUNA ETA EKONOMIA
Nafarroako Gobernua, Ekonomia eta Ogasun Departamentua. 2007ko ekitaldiari dagokion errenta aitorpena eginda bidali dio herritarrari. Agiria gaztelania hutsean dago.
HERRIZAINGOA
Espainiako Barne Ministerioa. Donostiako polizia etxera joan dira semearentzat lehenbiziko aldiz pasaportea egitera. Gaztelaniako inskripzio orria euskaraz beteta dagoenez, ez diete onartu. Gaztelaniaz ere aurkezteko esan diete.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila, Ertzaintza. Urtarrilaren 5ean bi ertzainek herritar bat atxilotu eta Donostiako Ertzain etxe nagusira eraman zuen. Ertzainak herritarrari gaztelaniaz aritu zitzaizkion, honek une oro euskaraz egin zien arren. Ziegan zegoela eskubideak gaztelaniaz irakurri zizkioten. Herritarrak euskaraz deklaratu nahi zuela adierazi zienean, ondorengoa izan zen Ertzaintzaren erantzuna: euskaraz deklaratzeko eskubidea izan bazuela, baina larunbat gaua zela eta itzultzailea aurkitu bitartean 3-4 ordu itxaron beharko zuela. Gainera, mespretxuzko komentarioak entzun behar izan zituen: euskaraz hitz egiteko bai, baina deklarazioa jasotzeko ez zela naturala.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila, Ertzaintza. Andoainen bi ertzain hurbildu zitzaizkien herritar batzuei, eta gaztelaniaz mintzatu zitzaizkien. Herritarrek euskaraz egiteko eta euren identifikazio plakak erakusteko eskatu zieten, haien aurka kexa egiteko. Ertzainek pistolak seinalatu zizkieten.
HEZKUNTZA
UNED. UNEDek ezetsi egin du euskararen ezagutzagatik aukera askeko kredituak baliokidetzea. Errusiera egiaztatzeagatik ez dago arazorik.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Unibertsitatera sartzeko25 urtetik gorakoentzako azterketa egin nahi duten Bilboko eta ingurukoek ez dute hezkuntza publikoan azterketa euskaraz prestatzeko aukerarik.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Ikasleak eta langileak ez dute webgunean 2008-2009 ikasturterako Master eta Doktoretza ikastaroetan aurreinskripzioa euskaraz egiteko aukerarik. Gaztelaniaz eta katalanez egiteko aukera dago.
HERRI LAN ETA GARRAIOA
Nafarroako Herri Lan Departamentua. Iruñetik Agoitzerako errepide nagusian kartelak berritu dituzte. Lehen elebidunak ziren, baina orain gaztelania hutsean daude.
Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Departamentua. Bizkaiko A8 autobidean ordainlekuak hurbil direla adierazteko seinaleak gaztelaniaz eta ingelesez soilik irakur daitezke.
OSASUNGINTZA
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Txagorritxuko ospitalean, orduak hartzeko ematen duten tiketa gaztelaniaz dago.
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua. Etxarri Aranazko pediatrak baja hartu du. Osasunbideak ordezkoa bidali beharrean astean bitan pediatra bat bidaltzen du. Pediatra horiek askotan ez dira euskaldunak, lanpostuak hala eskatzen badu ere.
KULTURA
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila. 012 telefono zenbakira deitu zuen Elebide zerbitzuan kexa baten berri emateko. Gaztelaniaz egin zioten harrera, eta herritarra euskaraz egiten ahalegindu arren, gaztelaniaz eman behar izan zituen azalpenak.
Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentua. Deialdia egin du liburutegiko arduradun izateko 18 lanpostu oposizio bidez hornitzeko. Bakar batean ere ez da nahitaezkoa euskara jakitea, nahiz eta batzuk eremu euskaldunekoak izan.
UDALAK
Iruñeko Udala. Francoren alde borrokatu zirenei eskainitako kaleen errotuluak aldatzen hasi dira Txantrean. Gaztelaniaz ageri dira kaleen izenak.
Donostiako Udala. Lan deialdia argitaratu du. 248 langiletatik 97k besterik ez dute derrigorrezko hizkuntza eskakizuna.
Baionako Herriko Etxea.Baionan zaborrontzi berriak jarri dituzte, baina haietan irakur daitezkeen mezuak frantses hutsean dira.
Bilboko Udala. Udaltzaingoak trafikoari dagozkion gutunak igortzean, helbidea gaztelaniaz idatzita egoten da.
Gasteizko Udala.Etxera bidaltzen den vitoria-gasteiz.org paperezko aldizkarian euskarari ematen zion tartea eta tratamendua bigarren mailakoa da. Albisteen laburpenak baino ez daude euskaraz, eta2 orrialde besterik ez dute hartzen. Aldizkariak 16 orrialde ditu.
EREMU PRIBATUA
Telefonica.Telefonicatik deitu zioten, tarifa aldaketen berri emanez. Deitu zuen emakumea gaztelaniaz aritu zitzaion, eta herritarrak informazioa euskaraz emango zion inor ez al zegoen galdetu zion. Ezetz erantzun zion, eta orduan herritarrak sentitzen zuela, baina ez zuela informaziorik nahi adierazi zion. Handik ordu erdira berriz deitu zion emakumeak, eta telefonoa zergatik eseki zuen galdetu zion. Herritarrak azaldu zion berak ez zuela moztu. Orduan euskarazko arreta egiten zuen lankidea jarriko zela esan zion. Herritarrak eskerrak eman zizkion. Jarraian honakoak entzun behar izan zituen: «Perra! , puta, eres una perra! Prostituta,prostituta, ja, ja, ja...» (Txakurra!, prostituta! Txakur bat zara! Prostituta ja, ja, ja...)
Leroyl Merlin. Ezin izan zuen Baionako saltegian zerbitzua euskaraz jaso. Margoen aldean zegoen langilearengana jo zuen argibide eske, euskaraz, baina honek espainola ez zuela ulertzen erantzun zion. Herritarrak euskara erabili zuela argitu zion, baina langileak «berdin dira» erantzun zion. Herritarrak mahai tolesgarriak non ziren galdegin zion frantsesez, baina zoroarena egiten jarraitu zuen.
Senda Viva. Sarrera txartelak, informazio orriak, megafonia bidezko mezuak edota gidek emandako informazioa gaztelaniaz jaso zituzten. Informazio paneletan euskarari lekutxoa egin arren, atzerriko hizkuntzen trataera berbera eman zaio.
La NavieMarie Louise. Hendaiatik Hondarribirako txalupan bidaiatzeko txarteletan ez dago euskararen arrastorik.