Euskara dekretua, legearen esturakoa

Nafarroako Gobernuak dekretu bat onartu du erakundeetan euskararen erabilera arautzeko. Meritu gisara pisu handiagoa edukiko du euskarak orain. Erabat eutsi diote zonifikazioari

Garikoitz Goikoetxea.
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Euskarari pisu handiagoa emateko aukera izango du Nafarroako administrazioak, baina Euskararen Legearen hormapean. Euskararen erabilerari buruzko dekretua onartu du Nafarroako Gobernuak, hilabete luzeetako tramitazioaren ostean. Dekretu orekatua egin dutela adierazi du Ana Ollok, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak: kontuan hartu dituztela «euskal hiztunen eskubideak eta Nafarroako Gobernuko funtzionarioek eskuratutako eskubideak». Berritasunak dakartza dekretuak, baina legearen mugak ere agerian utzi ditu. Besteak beste, langileen lehiaketetan eta merituetan euskara kontuan hartzea ekarriko du orain arte aintzat hartzen ez zen eremuetan ere. Euskarazko zerbitzua emateko irizpideak ere ezarri ditu. Baina muga handi batekin: eremu mistoan eta ez-euskaldunean euskaraz jarduteko aukera ageri da, oro har, ez betebeharrik.

Urteetako desoreka bideratzeko asmoa agertu du gobernuak. 2003ko dekretua dago orain indarrean; «orain arteko murriztaileena», Uxue Barkos lehendakariaren esanetan. Desoreka hori erakusteko, datu batzuk eman ditu gobernuak; adibidez, gobernuko 160.000 lanpostuetatik 160 eskasek dutela hizkuntza eskakizuna. Adierazgarria da Nafarroako Ospitale Guneko kasua: 6.142 lanpostu, eta bakar batean hartzen dute meritu gisa euskaraz jakitea.

Desoreka hori are deigarriagoa da beste datu batzuekin alderatuta. Adibidez, gobernuko postuen %1 ere ez dira euskara eskakizuna daukatenak; euskaldunak dira herritarren %13 (82.000 lagun), eta ia euskaldunak %10 (64.000 lagun). Gazteen artean laurdenera iritsi dira euskaraz badakitenak. Areago, gobernuan bertan mila langile daude euskaraz badakitenak, eskakizunik izan gabe.

Gorabehera ugari izan ditu dekretua ontzeko prozesuak. Bertsio bat baino gehiago egin ditu gobernuak —batetik bestera atzera egin zutela salatu zuen Kontseiluak—; Nafarroako Kontseiluak ez zituen ontzat jo azkenaren artikulu batzuk, eremu mistoan eta ez-euskaldunean euskara meritutzat hartzeari buruzkoak. Oposizioak estu hartu du gobernua, «inposizioa» ahotan hartuz.

Legearen eta euskara bultzatzeko neurrien arteko orekan jokatu du gobernuak. Hala dio hitzaurrean: «Euskarari buruzko foru legearen esparruaren barnean, foru dekretu honetan ekintza positibo eta proaktiboa gehitu da». Euskararen «egoera minorizatua zuzendu» beharrari buruz ari da.

HIZKUNTZA PLANGINTZA

Urtebete baino lehen



Dekretuak dakarren berritasun nagusia da administrazioek hizkuntza plangintzan murgildu beharko dutela. Hori dio dekretuak, euskara planak prestatu behar dituztela. Batetik, oraingo egoera aztertu beharko dute: euskaraz dakiten langileak, euskarazko baliabideak, inprimakien egoera... Bestetik, aurrera begirakoak: komunikazio beharrak identifikatu, egutegia eta aurrekontua finkatu, helburuen jarraipena prestatu... Erakunde guztiek egin behar dute plana, eremu batean edo bestean egon. Helburuetan egongo da aldea: zein eremutan dauden, xede batzuk edo besteak izango dituzte.

Eremu euskaldunean, helburu dute lan eta zerbitzu hizkuntza euskara edo gaztelania izatea, biak. Eremu mistoan, «gauzagarri» egitea herritarrek erakundeei euskaraz egin ahal izatea, eta haiek zerbitzua euskaraz ematea «ahalbidetzea». Ez-euskaldunean, «gauzagarri» izatea herritarrek erakundeei euskaraz egitea.

Dekretua indarrean sartzen denetik, erakundeek urtebeteko epea izango dute plana taxutzeko.

BARNE KOMUNIKAZIOA

Bi eredu



Behin helburuak zonifikazioaren arabera zehaztuta, horren araberakoak dira neurriak ere. Barne komunikazioa eta erakunde artekoa hartuta, eremu euskaldunean ele biko eredua hobetsi dute: joera izango da dena euskaraz eta gaztelaniaz egitea, non eta ez duten zehatz adostu bietako bat erabiltzea. Eremu mistoan eta ez-euskaldunean ez dago elebitasun eredu hori: «ele biz egin daiteke», dio dekretuak, beharrik jarri gabe. Legearekin du lotura diferentzia horrek: eremu euskaldunean ofiziala da euskara; beste bietan, ez.

HERRITARREKIKO ERLAZIOA

Bermerik ez mistoan ere



Erakundeen arteko harremanen gisako eredua ezarri dute. Eremu euskaldunean, non euskarak ofizialtasun erabatekoa duen, bi eletan egitea jakinarazpenak eta komunikazioak, zer eta herritarrek ez duten eskatzen bakarra erabiltzeko —herritarrek aukera dezakete zein erabili, beraz—. Ele bietan egongo dira, halaber, inprimakiak, webguneak eta ziurtagiriak; errotuluak eta horrelakoak ere bai. Ahozko erlazioetan, herritarren esku egongo da hautatzea.

Gainerako bi eremuetan ez da halako eredua ageri: erakundeek aukera izango dute, ez batere betebeharrik. Halako formulak ditu dekretuak: «neurriak bultzatzen ahalko dira», «neurriak har ditzakete», «idatz daitezke»... Finean, erakunde bakoitzaren esku geratuko da euskarazko zerbitzua eskatzen duten herritarrei nola erantzun. Dekretuak obligazio bakarra dakar, eremu mistoan: jardun administratiboa euskaraz hasi dutenei ele bietan erantzutea.

Zerbitzu zentraletan —herrialde osorako aritzen direnetan—, tarteko sistema bat: idatzizkoetan ele bietako komunikazioa izango da, irudietan ere bai, baina ahozkoan «neurriak bultzatzea» jaso dute.

ELE BIKO LANPOSTUAK

«Errealitatearen» arabera



Euskaraz jakin beharreko postuak zein diren zehaztuko dute, eta zenbateko euskara maila behar den. Jendaurreko postuak lehenetsiko dituzte horretarako. Kontuan hartuko dute «eremuaren errealitate soziolinguistikoa». Euskara jakin gabe postu horietan dauden langileen eskubideak «errespetatu» egingo dituzte, etaeuskara ikastea «eskainiko» zaie.

Sindikatuekin negoziatuko dute gobernuko zein lanposturi ezarri ele biko izaera, baita izaera hori eman zaien lanpostuetan jadanik badauden langileekin zer egin ere. Udaletan, bakoitzak erabakiko du zein lanposturi ezarri izaera hori.

MERITUAK

Kontuan lehen aldiz



Euskara meritutzat jotzeko aldaketek ekarri dute zeresan handiena azken asteetan. Orain, euskaraz jakitea ez dute kontuan hartzen eremu ez-euskaldunean, eta mistoan, atzerrikoek baino balio txikiagoa du. Hori aldatuko dute. Ez du sarbidea aldatuko, lehiaketei eta merituen balorazioa baizik.

Aldeak daude eremuka. Euskaldunean, ele bietakoak ez diren postu guztietan izango da meritua euskara: %11-23 puntu izango ditu, segun eta zenbateko lotura duen postuak herritarrekiko harremanekin. Mistoan, %7-14 puntu izango dira, eta ez-euskaldunean, %7. Gobernuak erabiliko ditu proportzio horiek. Udalen kasuan, euskaldunean derrigortuta egongo dira euskara meritutzat jotzera postu guztietan; mistoan eta ez-euskaldunean, aukera edukiko dute, ez betebeharrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.