Euskara egiaztagirien inguruan urte hasieran sortutako polemikaren ondotik dator Jaurlaritzaren azterketa. EGA Euskararen Gaitasun Agiria lau aurkeztutik batek gainditzen du. Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu zion Eusko Jaurlaritzari egiteko ebaluazio bat horren inguruan.
Txosten bat aurkeztu du legebiltzarrean Patxi Baztarrikak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Kanpoko aditu batzuen iritzia aintzat hartuta, Jaurlaritzako bertako kideek egin dute txosten bat proben inguruan.
Hainbat proposamen daude zerrendan. Hona batzuk:
1. Konpentsazioak. Gaur egun, trebetasun guztiak gainditu behar dira titulua lortzeko. Adibidez, EGAn ezin da ahozko proba egin idatzizkoa gainditu gabe. Hori malgutzea proposatu dute. Zehazki, kasu horretan, idatzizkoa ozta-ozta gainditu ez dutenek ahozko proba egin ahal izatea, eta hango notarekin iritsiko balira gutxienekora, azterketa gainditzea.
2. “Komunikagarritasuna”. Zuzentasunari gehiegi lotzeaz ohartarazi izan du Jaurlaritzak lehen ere, eta hori adierazi dute egiaztagirien azterketei buruz ere. Hau zehazki: “Hainbat parametro hartzen dira kontuan idazmena eta mintzamena ebaluatzeko; bada, zuzentasun gramatikalak daukan garrantzia ukatu gabe, uste dugu komunikagaitasunari eman behar zaiola lehentasun osoa. Azken batean, komunikatzeko gaitasuna duten azterketariak nahi ditugu, akats batzuk gorabehera. Hori dela-eta, komunikagarritasunaren eta zuzentasunaren pisu erlatiboak birneurriratu beharko lirateke, lehenengoari pisu handiagoa emateko, bigarrenaren aldean”.
3. Ebaluazioa. Gaur egun, ondo egindakoak eta gaizki egindakoak “balantza batean” jartzen dira. Hori aldatzea nahi dute, “positiboagoa” izatea, “azterketariek egiten dituzten gauza onak azpimarratuz eta behar bezalako balioa emanez”. Akatsei dagokienez, ohar hau: “aztertzaileek, notak jartzeko orduan, maila bakoitzari dagozkion atazei erreparatu beharko liekete nagusiki, maila horretatik gora egiten diren akatsei gehiegi erreparatu gabe”. Idazlanetako hitz kopurua jaistea ere proposatu dute.
Hizkuntza eskakizunei buruzko gogoeta ere ageri da txostenean. Zehazki, disfuntzio batzuk sumatu dituzte, behar ez den maila eskatzen dela postu batzuetan. “Ez dirudi oso zentzukoa administrari bati hirugarren edo laugarren hizkuntza eskakizuna ezartzea, edo basozain bati hirugarrena. Ez eta laugarren eskakizuna orokortzea goi mailako teknikarien artean, esparru batzuetan gertatu izan den bezala”.
Kalterako ote den ohartarazi dute: “Ustez normalizaziorako egokiak izan daitezkeen neurri horiekin behartzen ari gara jende asko ikasketa akademikoen prozesuan jaso duen hizkuntza prestakuntzaz gaindiko produkzioak egitera, eta horrek porrota ekar dezake uste baino gehiagotan”.
Hortik tiraka, aipatu dute trebetasunak desberdintzea, lanpostu guztietarako ez direlakoan denak ezinbestekoak. Adibidea: “Eskola bateko jatetxean umeak zaintzen dituen begirale batek B2a behar ote du, bere osoan, lana behar bezala egin ahal izateko? Ulermenean eta mintzamenean, seguru asko, bai, umeekin hizketan aritu behar delako; baina, justifikatuta ote dago maila hori bera eskatzea idazmenean edo irakurmenean ere?”.