Euskara erabiltzeko motibazioa jarri du Ariztondok planaren erdigunean

EH Bildu koalizioak uste du bosgarren euskara plana «motz» geratzen dela eta helburu argirik ez duela

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko martxoaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EH Bilduk eskatuta, bosgarren euskara planaren aurkezpena egin zuen atzo Josune Ariztondo Kultura diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura eta Euskara batzordean. Plan zaharraren balorazioa egin ondoren, Ariztondok azaldu zuen plan berria. Langileak euskara erabiltzeko motibazioan indar egin behar dela nabarmendu zuen. EH Bilduk, ordea, plana«motz» geratzen dela azpimarratu nahi izan zuen behin eta berriz.

«Zerbitzu eta lan esparruetan euskara erabiltzeko neurriak areagotzea da planaren helburua», azaldu zuen Ariztondok. Horretarako, «alderdi eta erakundeen konpromisoa, adostasuna eta langileen borondatea» beharrezkoak direla adierazi zuen. Nabarmendu zuen plan berrian euskara erabiltzeko motibazioari arreta handiagoa jarriko zaiola.

«Irudipena dugu plana motz geratzen dela», ohartarazi zuen Asier Sanz EH Bilduko batzarkideak. Ohartarazi zuen planean ez dela jasotzen euskaldunei eskubideak urratzen zaizkiela: «Badirudi arazoak dituzuela ozen esateko euskara hizkuntza gutxitua dela». Hori guztia identifikatzea eta urraketa horiek gainditzeko neurriak hartzea beharrezkoa dela gaineratu zuen: «Arazoak identifikatu eta horiek konpontzea izan beharko litzateke planaren helburua».

Sanzek adierazi zuen jendaurreko lanpostuetan aritzen ez diren langileak ere kontuan hartu behar direla euskara planetan. Eta euskararen normalizazioan garrantzi handiegia ematen diola aldundiak borondateari.

Horri erantzun zion Ariztondok: «Guk euskara lagundu, bultzatu, estimulatu eta motibazioan eragin behar dugu. Baina erabilera ezin da inposatu». Koalizioak planari egotzitako zehaztasun falta ukatu zuen. Adierazi zuen EH Bilduk egindako analisia planean jasota dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.