Hogei urte baino gehiago joan dira Iruñeko Udalak euskara ordenantza onartu zuenetik. Jatorrizko ordenantza lau aldiz aldatu dute ordutik. Aldaketa horiek hizkuntza eskubideetan atzerapausoa ekarri dutelakoan, 1997ko ordenantzaren “izpiritura” itzuli nahi du udal gobernuak testu berriarekin Joseba Asiron alkateak berak aurkeztu du proposamena.
Hona ordenantza proposamenaren hamar gako nagusiak:
1. Berdintasuna. “Berezko hizkuntza gisa” hartuko dituzte euskara eta gaztelania. “Biak berdintasunean erabiliko dira udalaren esparruan, eta haietako edozeinen erabilerak eskubide osoko ondorio juridiko-administratiboak sortuko ditu”.
2. Eskubideak. Berdintasun hori oinarri hartuta, herritarrek eskubidea izango dute udalera euskaraz nahiz gaztelaniaz jotzeko. Idatziz zein hizkuntzatan jotzen duten udalera, hizkuntza horretan erantzungo diete herritarrei. Idatzizko kasuan soilik aipatu dute hori. Gainerakoen kasuan —aurrez aurre, telefonoz...—, jaso dute “behar beste baliabide” jartzea eskubideak bermatzeko.
3. Irudia. Euskararen eta gaztelaniaren arteko berdintasuna bermatzeko, iruditerian bi hizkuntzak erabiliko dituzte: karteletan, publizitatean, errotuluetan, publizitatean, agirietan, webguneetan... Ekitaldi publikoen ahozko aurkezpenetan euskararen erabilera “bermatu” egingo du udalak. Nola egin bi hizkuntzetan, euskarri berean jasoko dituzte euskarazkoa eta gaztelaniazkoa —euskarri bereizietan egiteko agindu zuen UPNk—. Areago, euskarri berean bi hizkuntzak daudenean, euskara goian eta eskuinean joango da.
4. Hizkuntza eskakizunak. Euskara zein lanpostutan den beharrezkoa, “azterlan bat” egingo du udalak. Atzerriko hizkuntzak baloratu behar badira, euskararena beti izango da beste hizkuntzena baino %25 puntuazio handiagoa.
5. Kontratazioak. Udal zerbitzuak ematen dituzten enpresei hizkuntza irizpideak jarriko dizkiete: “Enpresek langile elebidunak kontratatu beharko dituzte kontratazioaren xedea den zerbitzua emateak hala eskatzen badu herritarren eskubideak asetzeko —zerbitzua gaztelaniaz zein euskaraz, ahoz eta idatziz, emateko—”.
6. Lan hizkuntza. Lanpostua lortzean euskaraz badakitela ziurtatu duten beharginei edo prestakuntza jaso dutenei euskaraz lan egiteko eskatu ahalko die udalak.
7. Euskara ikastea. Herritarrek euskara ikasteko laguntzak emango ditu udalak. Aurrekontuetan jasoko dute diru sail bat.
8. Sustapena. Euskararen aldeko sustapena egingo du udalak, eta kanpainak egingo ditu: euskara ikasteko, umeak euskaraz eskolatzeko, erabilera areagotzeko...
9. Hezkuntza. Haur eskoletan “euskaraz ikasteko plazak eskaintzea” jaso dute proposamenean, eta musika eskoletan ere euskarazko lekuak sortzea.
10. Kontseilua. Euskararen kontseilu bat osatuko dute Iruñean, udalaren hizkuntza politikarako “aholkulari” izan dadin.