EUSKARA

Euskara indartzeko neurri eraginkorragoak eskatu dizkiote Osakidetzari

Bigarren euskara plana du abian Osakidetzak, eta, indarraldiaren erdia bete duenean, balorazioa egin du Kontseiluak. Ohartarazi du “neurri zuzentzaileak” ohartu behar direla planeko neurriak betetzeko. Elkarlana eskaini diote Osakidetzari.

Euskararen erabilera areagotzeko kartel bat, ospitale batean. JON URBE, ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko irailaren 20a
08:02
Entzun

Bigarren euskara plana du indarrean Osakidetzak, 2013-2019 artekoa. Gainditua du, beraz, indarraldiaren erdia, eta ebaluazioa egiteko garaia da. Osakidetzak berak agindua du udazkenerako egingo duela azterketa. Euskalgintzako eragileek egin dute beren balorazioa: Kontseiluak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.

Aurrerapausoak emateko premia nabarmendu dute: “Plana betetzetik oso urrun dago gaur-gaurkoz”, ohartarazi du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. Nabarmendu du hainbat eremutan ari direla planeko neurriak urratzen. “Horietako batzuk oso erraz konpon daitezke”. Langile erdaldunak jartzen dituztela euskarazko eskakizuna duten lekuetan, euskaraz zerbitzua eskatua duten herritarrei ez dietela hori bermatzen, kartelak erdara hutsean zabaltzen dituztela... Urraketen zerrenda osatu dute. “Urtez urte nabarmendu dira osasun arloko gabeziak hizkuntza eskubideen arloan”, azaldu du Garbiñe Petriatik, Behatokiko zuzendariak. Herritarrek euskarazko zerbitzua jaso nahi dutela nabarmendu du. Datu bat jarri du adibide: Osakidetzak aukera zabaldu du herritarrek osasun etxean adieraz dezaten zerbitzua zein hizkuntzatan jaso nahi duten, eta 160.000 herritarrek eskatu diote euskaraz emateko osasun zerbitzua. Uemako lehendakari Josu Labakak ohartarazi du udalerri euskaldunetan ere arazoak sortzen direla: haren arabera, familia medikuen laurdenak eta pediatren herenak erdal elebakarrak dira.

Langile euskaldunek ere badituzte zailtasunak euskaraz aritzeko, OEEko ordezkari Karlos Ibargurenen esanetan: “Euskaraz lan egin ezean, oso zaila da euskaraz ematea zerbitzua: historia klinikoa erdaraz dago, txostenak... Arazo handiak sortzen dira”. Lau arlotan ikusten du lehentasunez ekin beharra: arduradunek babestu egin behar dituztela behargin euskaldunak, euskaraz jarri behar direla tresna informatikoak, protokolo zehatzak behar direla euskarazko zerbitzua emateko eta unibertsitatean euskarazko prestakuntza bermatu behar dela.

Txosten bat osatu dute, Osakidetzako egoera aztertzen duena. Neurri zuzentzaileak ere proposatu dituzte. “Horiek hartuta, urrats eraginkorrak egin daitezke Osakidetzan”. Azterketa igorri diete Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunei, eta bilera bat ere eskatu diete. Nabarmendu dute ekarlanerako prest daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.