Euskara, paperetik ahora

Euskarazko ahozko komunikazioa sustatze eta hobetze aldera, ahozko B2 maila egiaztatzeko proiektu pilotu bat martxan jarri du Kabia erakundeak bere zahar etxeetarako.

Ziurtagiriak banatzeko egindako ekitaldia, 2019an. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Langileak eta enpresak euskara hobetzeko motibatzea. Horixe izan du xede 2019an Kabia Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako erakunde autonomoak martxan jarri zuen proiektu pilotu batek. Kabiak Gipuzkoako dozena bat zahar etxe baino gehiago biltzen ditu, eta horietako zaintzaile batzuen euskara maila egiaztatu zuten, azterketa baten bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzaren HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin elkarlanean.

Baina ez zen ohiko azterketa bat izan: ahozko B2 gaitasuna bakarrik egiaztatu zieten. Arantza Lekuonak, Kabiako gerenteak, eman du arrazoia: «Egoiliarrekiko harreman hori batez ere ahozko komunikazioa da. Orduan, gaitasun horri indarra eman nahi genion». Azaldu duenez, Kabian langile publikoak nahiz enpresetakoak dituzte, eta bigarren horientzat bideratu zuten proiektua. Orotara, 138 zaintzaile aurkeztu ziren probara, eta 116k (%84k) gainditu zuten. Baliagarria iruditzen zaio egiaztagiria: «Enpresa horietako langileek ere zuzeneko arreta ematen diete gure egoitzetan dauden egoiliarrei, eta nolabait motibatu behar ditugu, bai enpresak, bai langile horiek euskarari daukan garrantzia emateko». Eta formakuntza ere ildo horretatik sustatu dute: «Garrantzitsua da egoitzetan ematen duten euskara formakuntza ahozkotasuna lantzera bideratzea».

«Balorazio positiboa»

Lekuonaren esanetan, proiektuak «balorazio positiboa» jaso zuen langileen zein enpresen aldetik. Horren seinale da 2020an kategoria gehiagotara —garbitzaileak, mantentze arloko langileak, sukaldeetakoak...— zabaltzeko ahalegina egin izana. Baina koronabirusa tarteko, ezin izan zuten aurrera jarraitu. Orain, badute eskaera bat ere. Zaintzaileek erdietsi zituzten tituluak HABEk homologatzea nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.