Hitzarmenaren helburua, beraz, enpresa pribatuaren alorrean euskararen erabilera zabaltzea da, eta lantegietan euskara planak eta euskararekiko ekintza positiboak abian jartzea. Betiere «adostasunean, progresibotasunean, borondatean, errespetuan eta lankidetzan oinarriturik», Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburu Miren Azkaratek nabarmendu zuenez.
Nolanahi ere, hitzarmenak ez ditu helburu kualitatiboak zehaztu. Azkaratek azaldu zuenez, egun 150 enpresatan eta kooperatibatan dira abian euskara planak, baina hitzarmenean ez dute zehaztu hurrengo urteetan beste zenbat enpresak abiatuko dituzten euskara erabiltzeko planak. Hitzarmena garatzeko aurrekontua ere ez zuen zehaztu Jaurlaritzako Kultura sailburuak.
Hitzarmenaren aurkezpenean eta sinaduran parte hartu zuten Kultura sailburuak, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Confebaskeko lehendakari Mikel Lazpiurrek, Cebekeko presidente Jose M. Vazquezek, Adegiko Eduardo Zubiaurrek eta SEAko presidente Carlos Zarzeñok. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko enpresarien elkarteen izenean, Lazpiurrek hitzarmenaren garrantzia azpimarratu zuen.
Haren esanetan, gizartearen konpromisoak enpresarienak ere badira, eta euskal gizartearen lan bat da euskara aurrera ateratzea, hau da, «gure hizkuntza zaharra aurrera ateratzea». Lazpiurren hitzetan, enpresariek euskara zabaltzeko benetako konpromisoa hartu dute, eta enpresetan euskara biziberritzeko planak ezartzeko prest daude.
«Aurrera aterako dugu proiektu hau euskara erabiliz, euskara landuz, euskara sakonduz eta gure euskara aurrera atereaz gure lantokietan. Konpromisoari seriotasun handiz eusten diogu. Aurki lan honek fruituak ematea espero dut», azaldu zuen Confebaskeko lehendakariak.
Azkarate sailburuak bat egin zuen akordioaren garrantzia nabarmentzean, «oso handia baita enpresa munduak euskararen normalizazioari egin diezaiokeen ekarria». Izan ere, sailburuak azaldu zuenez ikuspuntu soziologiko batetik gizartearen balio sisteman eta antolaketan lana da bizimoduaren eta gizartearen oinarrietako bat.
Bestetik, Azkarateren irudiko, kontuan hartu beharra dago lan mundua dela hezkuntzaren helmuga naturala. «Horrexegatik hezkuntzan urteetan eginiko ahaleginak jarraipena behar du ezinbestean lan munduan, euskaldunak lanean ere euskaraz aritu daitezen eta euskaraz ikasteari erabilgarritasuna eta onura ikus diezaioten».
ERRITMOAK MOLDATU. Euskara lan munduan sustatzeko ahaleginak garrantzitsuak badira ere, egitasmoa garatzeko modua inportantea dela azaldu zuen Kultura sailburuak. Alegia, «prozesu hau norberaren borondatez eta inor baztertu gabe egin behar da». Halaber, euskara planak enpresek finkatutako erritmoetara egokitu behar direla azaldu zuen. «Kontuan hartu behar da egoera soziolinguistikoak era askotakoak direla, eta enpresa bakoitzak bere helburuak, beharrizanak eta aukerak dituela», esan zuen.
Gainera, lan munduan hizkuntzaren normalkuntza bermatzekoprozesuan parte hartu behar dutenekin adostasuna ezinbestekoa dela adierazi zuen Azkaratek.
hitzarmenaren zutabeak
Tresna ugari euskara planak ezartzeko Eusko Jaurlaritzak , Confebaskek, SEAk, Adegik eta Cebekek euskara sustatzeko sinatutako hitzarmenak hiru ildo nagusi ditu. Honako hauek dira:Lan bateratua
Diagnostiko bateratua egin. Jarduteko estrategiak adosteko egoera soziolinguistikoari eta hizkuntza politikoari buruzko diagnostikoak partekatuko dituzte enpresarien elkarteek eta Jaurlaritzak.
Helburuak zehaztu. Enpresa munduan euskara areagotzearen aldeko aukeren eta estrategien identifikazioa partekatu. Besteak beste, bere irudian, komunikazio arloan edo kanpoko nahiz barruko harremanetan euskara erabiltzeko asmoa duten enpresak identifikatu.
Baliabideak zehaztu. Euskara lan munduan sustatzeko beharrezkoak diren tresnak eta prestakuntza lanak identifikatu. Era horretan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, baliabideak diseinatu eta zabaldu ahal izanen dira.
Jarraipen Batzordea eratu. Akordioaren balantzea egiteko eratuko da, eta partaide izango dira Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta enpresarien elkarteak. Aldian-aldian bilduko dira, beharrezkoa dela uste dutenean, eta gutxienez urtean behin.
Euskara planak abiatu nahi dituzten enpresei lagundu
LanHitz programa. Eusko Jaurlaritzak LanHitz programa eratu du, enpresa arloan euskara erabiltzen laguntzeko, eta hilaren amaieran aurkeztuko du. Programa horren bitartez, aholkuak emango dizkie enpresei, euskara sustatzeko planak nola osatu erakusteko eta jakinarazteko.
Jarduera plana. Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera ahalik eta enpresa gehienetan zabaltzeko eta sustatzeko jardunak martxan jartzen lagunduko du, enpresak banan-banan hartuta. EAEko mapa soziolinguistikoan oinarritutako enpresen zerrenda erabiliko du.
Tresnak. Eusko Jaurlaritzak hainbat tresna eskainiko dizkie enpresei. Hala, aholkularitza teknikoa emango die diagnostikoa egiteko eta jarduera esparruetan lehentasunak zehazteko. Halaber, informatikako kudeaketa tresnak eskura jarriko ditu, enpresa bakoitzean autodiagnostikoak egiteko eta euskara planak kudeatu eta ebaluatzeko. Banku telematikoa jarriko da martxan, sarrien erabiltzen diren agiriak,terminologia eta esamoldeak jasotzeko. Euskara planak kudeatzeko lanetan parte hartzeko moduan dauden zerbitzuak eta itzulpen enpresei buruzko informazioa emango die enpresei.
Ebaluazioa. Eusko Jaurlaritzak eta enpresarien elkarteek enpresetan euskararen erabilera ebaluatzeko eskema bat atonduko dute, gaur egun erabiltzen diren kalitate parametroak oinarri hartuta.
Euskara planak finantzatuko dira, banan-banan aztertuta
Baterako finantzaketa. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez, planak batera finantzatzeko partida bat zabalduko du, euskara lan eremuan erabiltzeko planak taxutu eta ezartze aldera.
Ekintza positiboak. Finantzatzeko modukoak izan litezke, era berean, euskara lan munduan sartu, sustatu eta erabilera areagotzearren euskal enpresekin gara eta bultza daitezkeen ekimenak. Betiere, akordioaren sinatzaileekin batera lankidetzan.
Diru laguntzak
Euskara planetarako babes ekonomikoa Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak atzo argitaratu zuenEuskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian entitate pribatuei eta zuzenbide publikoko korporazioei lantokietan euskara planak egiteko aurten emango dizkien diru laguntzak. Hona hemen diru gehien jasoko duten enpresak eta jasoko duten dirua, eurotan:Fagor Etxetresnak: 59.000
Goizper: 51.000
Eika: 46.879,99
MCC: 42.714,98
Fagor Ederlan: 42.146,43
Euskaltel: 40.889,43
Fagor Automation: 36.099,53
Copreci: 34.557,87
Fagor Arrasate: 33.959,82
Ulma Manutencion: 33.146,26
Makina Erramintako Prestakuntza Teknikorako Fundazioa: 31.929,62
Geyser Gastech: 31.702,05
Alecop: 31.507,98
Matz-Erreka: 30.703,38
Fagor Industrial: 30.255,72
Danobat: 29.787,66
Lealde: 29.649,58
Alejandro Altuna: 28.950
Azti Fundazioa: 28.420,81
CAF: 28.238,33
Soraluce: 27.590,31
Maier: 26.817,93
Elay Industrial: 25.903,31
Ikerlan: 25.847,12
Fagor: 24.910,05
Edesa: 19.673,12
Elkargi: 19.672,60
Orona: 18.581,66
LKS: 18.459
Ekin: 18.355,72
Tekniker Fundazioa: 18.128,73
Celaya, Enparantza y Galdos SL: 17.522,51
Mondragon Sistemas de Informacion: 16.993,74
LAB: 15.580,81
Orkli: 15.457,00
Cikautxo: 15.000
GKN Driveline Legazpi: 14.660,28
Ede Fundazioa: 14.510
ABB: 13.979,00
Cegasa: 13.987,80
Cega: 13.614,45
Industria de Turbo Propulsores: 13.334,39
Elay: 13.031,42
Eroski: 12.726,44
CCOO: 12.689,25
Plastinka: 12.576,22
GKN Driveline Zumaia: 12.473,28
Auzo Lagun: 12.174,10
Gizartean Barneratzeko Zabaltzen Elkartea: 11.984,44
Sam: 11.874,16
Talleres Arreche: 11.703,49
Victorio Luzuriaga Usurbil: 11.680,25
Recyde: 11.557,93
ELA: 11.483,06
Bellota: 11.401,08
Suspergintza Elkartea: 11.313,77
Electra Vitoria: 10.926,93
Gaztaroa Elkartea: 10.740,98
Energia Portatil: 10.703,51
Garbialdi: 10.395,00
Arcelor Bergara: 10.349,87
Pedro Iparragirre Eraikuntzak: 9.714,53
GKN Driveline Lazpiur: 9.637,99
San Jose Lopez: 9.240,00
Ulma Cye: 8.837,17
Grupo Ulma: 8.633,77
1.340 entitatek hartu dituzte euskararen normalizazioaren aldeko neurriak
Bai Euskarari ziurtagiria duten enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak euskararen normalizazioaren aldeko neurriak garatzen ari direla egiaztatzen du Kontseiluak. Hala, horien ahalegina aitortu eta aldi berean konpromiso hori gizartearen aurrean erakusteko bereizgarria ematen die.Kontseiluak adierazi duenez, urtez urte gehikuntza handia izaten ari da Bai Euskarari ziurtagiria lan munduan, eta une honetan 1.340 entitatek daukate. Horietako 786 euskararen normalizaziorako neurriak hartzen eta garatzen ari dira, 410 zerbitzua euskaraz eskaintzen duten enpresak, saltokiak eta entitateak dira, eta 144k zerbitzua euskaraz eskaini eta euskara lan hizkuntzatzat daukate. Azaldu dutenez, sektore, tamaina eta lurralde guztietako entitateak dira Bai Euskarari ziurtagiria dutenak. Besteak beste, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Euskadiko Kutxa, Eroski, Elay Taldea, Arlan SA, VUSA, Refractarios Kelsen, ULMA, Visesa, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Hobetuz eta SPRI.
Bestetik, euskara planak enpresetan garatzen laguntzen duten elkarteen artean, EMUN kooperatiba dago. Kooperatibak emaniko datuen arabera, iaz 140 enpresak zuten euskara plana. Horietako 81 industria arlokoak ziren, eta 55 hirugarren sektorekoak. Elhuyar ere aritzen da lan horretan.
Jaurlaritzak, 25 urteko atzerapenarekin, lehenbiziko urratsa egin duela dio LABek
estitxu ugarteGasteiz
Euskararen Legea ezarri zenetik 24 urte igaro direla gogoratu du LAB sindikatuak. Hortaz, enpresarien elkarteek eta Eusko Jaurlaritzak atzo sinatu zuten hitzarmena «urrats garrantzitsua» dela aitortu arren atzerapenez iritsi dela salatu zuen.
Orain arte, EAEko Administrazioak lan munduan euskararen erabilera zabaltzeko estrategia minimorik ez duela garatu adierazi zuen LABek. «Garrantzitsua da lan mundua euskalduntzeko premian ezinbestekoak diren bi subjektu berri hauek agertzea: Administrazioa eta patronala. Orain arte, lan mundua euskalduntzea euskalgintza eta sindikatu batzuen ardura baino ez baita izan», azaldu zuen.
AKORDIOA SINDIKATUEKIN. Nolanahi ere, sindikatuak argitu zuenez, atzo sinaturiko hitzarmena ez da LABek aldarrikatzen duen akordioa, alegia sindikatuen, enpresarien eta Administrazioaren artean landu beharrekoa. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburu Miren Azkaratek iragarri zuenez, eta LAB sindikatuko arduradunek berretsi zutenez, lan munduan euskara sustatzeko hitzarmena negoziatzen ari dira EAEko sindikatuak eta Jaurlaritza bera.
Dena dela, LABek azaldu zuenez, sindikatuen eta Eusko Jaurlaritzaren artean negoziatzen ari den euskara sustatzeko akordioak enpresariekin sinatutakoak baino haratago joan beharko luke, bai edukietan bai baldintzetan.
Bestetik, ELA sindikatuak hitzarmena interesgarria dela adierazi zuen atzo, eta hurrengo egunetan horren inguruan azterketa zabalagoa eginen duela aurreratu zuen.