Euskarabideak, Jaurlaritzak eta EEPk diru bila jo dute Bruselara

Elkar hartu dute hiru erakundeek, eta eskatu dute Europako Batasunak euskararen aldeko ekimenak lagundu ditzala hemendik aurreraAuzmendik «historikotzat» jo du batasuna, eta elkarlanean jarraituko dutela iragarri du

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Batasun irudia agertu zuten atzo Euskal Herrian euskara sustatzeko hiru erakunde ofizialek: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Euskarabideak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak. Euskal Herrian ez, Bruselan egin zuten keinua: Europako Batasunetik diru laguntzak lortzeko helburuarekin, bisita egin zuten parlamentura. Hurrengo aurrekontuetan Europak euskararentzat diru sail bat sortzea nahi dute. Lurdes Auzmendi Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu du euskarak ekarpena egiten diola Europari: «Badakigu eredu garela hizkuntza gutxituen berreskurapenean. Merezi dugu laguntza hori, eta behar dugu».

Auzmendirekin batera, Bruselan izan ziren Euskarabideko zuzendaria, Maximino Gomez, eta EEPkoa, Frantxua Maitia. Bilerak izan zituzten Europako Parlamentuko eta Batzordeko ordezkariekin. EAJko eta PSEko parlamentariekin ere elkartu ziren.

Euskararen alde egiten dituzten proiektuak azaltzeko baliatu zuten eguna. Hartara, horiek Europako Batasunaren xedeetan nolako bidea egin dezaketen jakin nahi dute, diru laguntzak lortze aldera. 2014an daukate begia jarrita, Gomezek jakinarazi duenez: «2014-2020 bitarteko programak ezagutu nahi ditugu, haietan gure proiektuak nola txerta daitezkeen aztertzeko». Besteak beste, hiru erakundeek azaldu zuten zertan diren hizkuntza berreskuratzeko proiektuak, eta bereziki aipatu zuten Euskal Herriko hizkuntza industriaren egoera.

Ondo hartu dituzte Bruselan. Hala adierazi dio Auzmendik BERRIAri, handik presaz egindako balorazio batean: «Etorkizunari begira perspektiba onak ireki zaizkigu Europako erakundeen babesari eta diru laguntzei dagokienez». Nabarmendu du «harrera ezin hobea» jaso dutela Europan, eta laguntza jasotzeko itxaropena agertu du. Euskara berreskuratzen egindako lana Europan «eredugarria» dela azaldu du, eta «kontsentsuz» egin dela.

Adostasuna, irudia du bereizgarri atzoko ekimenak. Lehen aldiz, elkarrekin agertu baitira Euskal Herri osoan eragina duten hiru erakundeak. «Egun historikoa» da, Auzmendiren ustez. «Estreinakoz, euskararen hiru lurraldeetako hizkuntza politikarako goi agintariek bat eginik jo dugu Europako Parlamentura eta Batzordera, eta horrela ulertu dute Europako erakundeetako ordezkariek ere». Euskal Herriaren egoera gogoan izan du: «Momentu honetan zirkunstantzia oso berezietan eta oso indartsuetan gaude. Euskarak gora jarraitzen du, eta ezin dugu inola ere eten».

Ofizialtasuna ez dute helburu

Euskarabideko zuzendariak ere aipatu du hiru erakundeen arteko adostasuna, eta «elkarlanaz» mintzatu da. EEPko arduradunak adierazi du xede berbera dutela guztiek: «Helburua da guretzat euskara zabaldu dadin. Beraz, tresnak behar ditugu, eta diru iturriak ere ezagutu».

Hori izan da Europako ekimenaren helburua, dirua. Maitia: «Jadanik ukan ditugu proiektu batzuk Europak lagunduak, baina baditugu beste asko eta asko». Beste helbururik ez dute aipatu. Auzmendik aitortu du, adibidez, «oraingoz» ez dela haien helburua euskararen ofizialtasuna: «Helburu pragmatikoagoak ditugu». Nolanahi ere, aurreratu du atzo hasitako elkarlanak jarraipena izango duela hurrengo hilabeteetan. «Ildo sendo eta zehatzak aztertuko eta garatuko ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.