Euskara. Kale erabileraren neurketa

Euskarak goiena jo du kalean

Azken hamabost urteetan %13an egonkortu da euskararen kale erabilera; euskal hiztunak ugaritu ezean, horretan «trabatu» litekeEuskararen erabilera %3koa da Donostian ez beste hiriburuetan, eta erdararena, %90ekoa

Euskarak goiena jo du kalean.
mikel p ansa
Donostia
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Euskararen kale erabilera «trabatua» dago; «geldiune» batean. 1989az geroztik, 2,5 puntu egin du gora; baina 1997tik hona ez du %13ko ehunekoa gainditu. Ezinean ari da. «Esan dezakegu, egungo baldintza soziolinguistikoekin, goia jo duela euskararen kale erabilerak», nabarmendu du Olatz Altunak, Soziolinguistika Klusterreko kideak. Kaleko erabilerak goia jo du, baina, gainera, gorago ez duela egingo uste dute soziolinguistikan ari direnek. Ez dela hedatuko, ez badira baldintzak aldatzen: «Euskal hiztun kopuruak gora egiten ez badu, edo harremanak euskaraz izateko aukerak handitzen ez badira», erabileran ez da aldakuntza handirik gertatuko hurrengo urteetan.

2011n, elkarrizketen %13,3 egiten ziren euskaraz kalean; %83,1 gaztelaniaz zein frantsesez, eta %3,7 beste hizkuntzetan. Horiek dira Hizkuntzen Kale Erabileraren VI. Neurketak eman dituen datuak. Atzo aurkeztu zuten ikerketa, Donostian, Euskaltzaindiaren Tolarea egoitzan. Olatz Altunarekin, Xabier Isasi eta Iñaki Martinez de Luna EHUko irakasleak eta Iñaki Iurrebaso soziologoak egin zuten aurkezpena. Kale neurketaren batzorde teknikoa osatzen dute, Rosa Ramos Berriozarko euskara teknikariarekin.

Euskararen kaleko erabilerak sabaia jo duela uste duten arren, erabilera ez da izan zitekeen bezain txarra. Eredu matematikoak azaltzen du horren arrazoia, Xabier Isasiren hitzetan. Euskal hiztunek ezin dute euskaraz eginnahi duten guztietan. Alegia, Euskal Herriko herritarren %33k baldin badakite euskaraz, gehienez ere elkarrizketen %7,7 egin ahal izango dituzte euskaraz. Estatistika erabiliz kalkulatzen dute datu hori; herritar guztiek gaztelaniaz edo frantsesez badakitela aintzat hartuta. «Euskararen ezagutza kontuan izanda, erabilera tasa oso ona da» %13koa, Isasiren ustez: «Estatistikaren arabera itxaro daitekeena baino handiagoa». Euskaldunek bere hizkuntzari eusteko egiten duten «ahalegin handia» islatzen du datu horrek.

Herrialdeen artean, kale neurketaren arabera, Gipuzkoak jarraitzen du euskaldunena izaten, ezagutzan bezala, erabileran. Izatez, erabilerak gora egin duen herrialde bakanetakoa da: 2006an %32,1ekoa zen euskararen erabilera; 2011n, %32,7koa. «Goranzko joera nabarmena du, nahiz eta zertxobait apaldu den azken bost urteetan», Altunaren esanetan. Ipar Euskal Herrian ere zerbait gora egin du erabilerak (0,2 puntu), eta duela hemezortzi urteko mailan mantentzen da.

Besterik da gainerako herrialdeetan. Bizkaian eta Araban ez da «aldaketa esanguratsurik» gertatu azken hamarkadetan. %9,4koa da euskararen erabilera Bizkaian —1,3 puntu egin du behera 2006tik—; %4koa da erabilera Araban —0,7 puntu jaitsi da bost urtean—. Nafarroan ere behera egin du erabilerak: elkarrizketen %5,7 dira euskaraz, 2006an baino 0,3 puntu gutxiago. «Datozen urteetan arretaz begiratu beharreko datua» izango dela uste du Altunak, erabilerak beheranzko joera hasiko ote duen jakiteko.

Beste hizkuntzak gora

Beste datu bat nabarmendu du neurketaren batzorde teknikoak: «Hizkuntza aniztasunaren hazkundea». Euskara, gaztelania eta frantsesa ez ziren hizkuntzetan elkarrizketen %2,6 egiten zirela agertu zen 2006ko kale neurketan. Iaz, %3,7ra igo zen ehuneko hori. Izatez, gora egin duten bakarrak dira hizkuntza horiek. Euskarazko elkarrizketak 0,4 puntu jaitsi dira 2006tik, eta gaztelaniazko zein frantsesezkoak 0,6 puntu.

Hiriburuetan egiten da nabarmen errealitate hori. Donostian ez; kaleko elkarrizketa guztien %15,9 dira euskaraz, %81,1 gaztelaniaz, eta %3 beste hizkuntzetan. Aldiz, Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko kaleetan, euskara baino gehiago entzuten dira gaztelania ez diren beste hizkuntzak. Gasteizen elkarrizketen %3,1 dira euskaraz, %4,7 beste hizkuntzetan; Bilbon, %3,2 elkarrizketa dira euskaraz, %5 beste hizkuntzetan; Iruñean elkarrizketen %2,7 dira euskaraz, eta %2,9 beste hizkuntzetan. Hala ere, gaztelaniak nagusi izaten jarraitzen du hiriburu guztietan: kaleko hizketaldien %94,3 dira Iruñean, %92,2 Gasteizen, %91,8 Bilbon eta %81,1 Donostian. Ipar Euskal Herriko hiriburuen datuak ez ditu jaso Soziolinguistika Klusterrak, akats tartea handiegia litzatekeelako.

Hego Euskal Herriko biztanleen ia hiru laurdenak bizi dira euskararen ezagutza %25 baino txikiagoa den herrietan. Eta toki horietan dago euskararen erabilera ahulen; kale neurketak egiten hasi zirenetik, %3 inguruan dabiltza. Euskararen ezagutza %25 eta %50 artekoa den herrietan elkarrizketen %14,4 izaten dira euskaraz; euskararen ezagutza %50 eta %75 artekoa den herrietan, %39,7koa da erabilera. Eta ezagutza %75etik gorakoa den herrietan, %66,5ekoa da erabilera. «Ezagutzak erabat baldintzatzen du erabilera», seinalatu du Altunak.

Euskaraz gehien egiten dutenak 15 urtez azpiko gazteak dira; eta gutxien egiten dutenak 65 urtez gorakoak. Neurketa guztietan errepikatu izan da hori, baita azkenekoan ere. «1991n baino euskaldunagoak dira gazteak, baina adin piramidean pisu gutxiago dute», azaldu du Iñaki Martinez de Lunak. Gazteen pisu demografiko txikiak eragiten du euskararen ezagutza eta erabilera handiagoak ez izatea datu orokorretan.

Haurrekin, euskaraz

Beste irudipen bat ere berretsi du neurketak: haurrekin maizago egiten dela euskaraz. Araban datu esanguratsua utzi du kale neurketak: haurrek beren artean eginiko elkarrizketen %2,1 dira euskaraz; helduen artekoetan, %2,4 dira; orain, haurrak eta helduak nahasten diren elkarrizketetan, euskarazkoak dira%7,6.

Andrazkoek euskaraz egiteko joera biziagoa dutela ere azaldu du Altunak. Adin tarte guztietan gertatzen da hori, eta herrialde guztietan ia ea berean errepikatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.