EUSKARA

Euskaraldirako erraztasunak jartzeko konpromisoa hartu dute 85 entitatek

Herritarrak izango ditu ardatz aurten hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoak, baina aldaketa horretan laguntzeko deia egin diete entitateei: langileei egitasmoa aurkeztu, espazioak girotu, ohitura aldaketei eusteko bidea eman... Herritarren izen ematea udazkenean iritsiko da.

Konpromisoak hartu dituzten entitateetako ordezkariak, Gasteizen. EUSKARALDIA
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko maiatzaren 31
12:13
Entzun

Sendotasuna hartzen ari da Euskaraldia. Urte erdi falta da 11 eguneko erronka martxan jartzeko –azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo dute–, eta jadanik 340 bat udalerrik eman dute izena parte hartzeko. Batzordeak sortzen ari dira herri horietan, Euskaraldia prestatzeko: euskalgintzako eragileak eta instituzioak bildu dituzte.

Herritarren hizkuntza ohituretan eragitea da Euskaraldiaren helburua: aukera dagoenean euskaraz egitea. Ahobizi eta belarriprest rolak zehaztu dituzte horretarako. Herritarren aldaketa bultzatu nahi dute, beraz, eta taldean egin nahi dute. Norbanakoen aldaketarako, ordea, uste dute ezinbestekoa dela entitateen babesa: “Ariketa sozial honek hainbat bidelagun behar ditu. Herritarrek entitateei lotuta egiten dute beren egunerokoa: elkarteetan, enpresetan, kirol elkarteetan, aisialdi taldeekin”. Horiek Euskaraldira biltzea jarri dute erronka.

Oraingoz, 85 entitatek hartu dute konpromiso hori. Zortzi urrats zehaztu dituzte horretarako:

1. Kideei (langileak, bezeroak, bazkideak) Euskaraldia aurkeztu eta parte hartzeko gonbidapena egin.

2. Parte hartzeko ahobizi eta belarriprest txapak eskaini.

3. Euskaraldia egiteko prestakuntza eskaini.

4. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, harrerako pertsonak ahobizi edo belarriprest gisa identifikatu, eta, posible den guztietan, euskaraz egin harrera.

5. Herriko antolakuntza batzordean parte hartu edo batzordearekin koordinatuta egon.

6. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra espazioa girotu, Euskaraldia ikusgarri egiteko eta parte hartzaileei aholkuak emateko.

7. Hizkuntza praktiketan sortutako zailtasunak identifikatu eta jaso, konponbide emateko.

8. Aurrera begira praktika horiek posible izateko ibilbidea zehaztu.

Konpromisoak hartu dituzten entitateek Gasteizen egin dute agerraldia elkarrekin. Bidenabar, Euskaraldia zertan den azaldu dute. Batzordeak osatzen ari dira herriz herri, eta mintegiak egin dituzte batzordeetako kideekin. Hamaikakoak ere ari dira sortzen: hamaika lagunez osatutako taldeak, horien bidez herritar gehiagorengana iristeko. Hain justu ere, irailetik aurrera eman ahalko dute izena Euskaraldian parte hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.