Pierre Andre Durand Pirinio Atlantikoetako prefetak, euskararen erabilera legez zorrotz arautzeko duen arranguraren berri eman du berriz ere.
Hendaiako herriko etxeak, azken kontseilu bilkuran behar izan du berriz ere bozkatu joan den abenduan lehen aldi batez bozkatua zuen euskararen hobekuntza kontratua. Euskararen Erakunde Publikoarekin eta baita Hego Lapurdiko hirigunearekin izenpetu duen hitzarmena da, 2020 arteko epealdi berrirako.
Arra bozkatzearen arrazoia: hirugarren artikuluko ahapaldi bat «legez kanpokoa» dela, prefetak aitzinatu argumentuen arabera. Ahapaldiak hala zion: «Herriak euskara gaitasuna edo euskara formakuntzarako gogoa kontuan hartuko du langileak enplegatzeko, langile gaiek gaitasun berak badituzte; batez ere, zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiari, Irakaskuntza Eskola Bizitzari (laguntzaile eta administrazio langileak), Harrera eta Giza baliabideen zerbitzuari dagokienez».
Frantziako legeak ez du onartzen gaitasun bera duten bi langile gaien artean euskara dakienari lehentasuna ematea lan deialdi batean; diskriminatzailetzat dauka. Horrek balio du deialdiaren idatzizko bertsioarentzat. Enplegatzaileak, kasu honetan herriko etxeak, bere hautua egin dezake nahi bezala. Beti, prefetaren ohar baten ondotik, ahapaldi osoa kendua izan da, eta Hendaiako kontseiluak bozkatu hobekuntza kontratutik desagertu da.
Lehen aldiz, 2014ko abenduaren 15ean bozkatu zuen Lapurdiko hiriak, delako ahapaldi hura zekarrela. Prefekturak kontseiluaren erabaki guziak aztertzen dituenez, ohar zerbait goaitatzen zuten hautetsiek, baina, deus ez zenez heldu, Kotte Ezenarro auzapezak gutun bat idatzi zion prefetari martxoaren 20an, oharrik egiteko bazuenez jakin nahian. Bi egun geroago, Patrick Dallennes suprefetak dio erantzuten prefetaren partez. «Proiektu hori irakurtzean» (hobekuntza kontratua), prefeta «erresalbu baten agertzera ekarri du ohar berri bati begira» (delako ahapaldia). Erresalbu hori EEPren abenduko administrazio kontseiluan eta ondotik biltzar nagusian egin zuen estatuaren ordezkariak, suprefetak dioenez. «Iker Elizalde jauna, Hendaiako zinegotzia, biltzar nagusi horretan zen, eta erresalbu horren berri izan zuen ondorioz», gehitu duenez.
Zehaztu zuen bestalde, «azterketa juridiko sakon bat» eginaraziko zuela hobekuntza kontratuaz EEPren biltzar nagusian bozkatua izan aitzin. Hala egin du, beraz, eta EEPko lehendakariari bidali azterketak dio «legez kanpokoa» dela langile gai euskaldunaren hobestearen oharra, eta, ondorioz, bete ezina dela hala utziz gero.
Hendaiako herriko etxea ez da tematu, eta, ahapaldia ezabaturik, berriz bozkatu du ekaineko kontseiluan.
Hobekuntza kontratua
Hendaiak EEPrekin izenpetu hitzarmeneko hitzaurreak dio: «Helburua da herriak laguntzea pixkanaka euskara berenganatzen, bi hizkuntzetan eta manera autonomoan lan egin ahal izan arte. [...] Dispositibo horrek Herriko Etxeetako zerbitzuetan euskara barneratzea ahalbidetuko du, hobekuntza desmartxa batean».
Hitzarmenaren lehen artikuluak helburu orokorra aipatzen du; 2. artikuluak euskararen erabilpenaren garatzeko lehentasunezko zerbitzuak eta 3. artikuluak hobekuntza kontratuak finkatu neurri zehatzak.
Lehen neurria hau da: «Hitzarmenak iraunen duen eperako, herriak zutik ezarri behar du urte anitzeko lanbide formakuntza plan bat. Plan horrek aurreikusten du, orotara, 17 agente nahiant formatzen ahalko direla 6 urtez (hauetan deia 9 formakuntzan ziren), gehienik nahia adierazia izanen duten 12 langile formatzen ahalko direla urtero, eta formakuntzaren kostu pedagogiko orokorra gehienik 27.650,00 eurora helduko dela. Plan honek kontuan hartzen du eskola inguruan lan egiten duten 2 langileen ordezkatzea ere. Urtero langileak formatzeko erabiliko den diru kopurua, beraz, gehienik 29.929,10 euro izanen da».
Ondoko neurriak itzulpenetarako kopurua aipatzen du, eta hirugarrenak kontratua obratu arau euskarazko zerbitzu eskaintzaren garapena. Seinaleak arautzen ditu laugarrenak: «Seinaletika eta afixatze elementuak arraberritzerakoan, frantsesaz gain Herriko Etxeak euskara sistematikoki sarrarazi beharko du horien baitan, orain arte egiten den bezala».
Azkenik herriko etxeak agertu edozein dokumentu ofizialetan euskara sar daitekeela ohartarazten da hitzarmenean, Frantziako legea oroitaraziz: «frantsesezko bertsioak baizik ez du legezko baliorik». Obratze eta jarraipen metodoa, hiru aldeen engaiamenduak eta holako zehazten dira beste ataletan. Hirigunearen kasuan, diru arloko parte hartze bat zehazten da: «Hego Lapurdiko Hiriguneak, laguntza plangintzaren finantzaketan parte hartzen du, eta kostu orokorraren herena hartzen du beregain, hori 10.476,37 eurora urteka mugatuz».
Hitzarmenak 2020ko abenduaren 31 arte balio du, eta, epea bururatu aitzin, egin den lanaren «ebaluazio kuantitatibo eta kualitatibo baten egiteko beharra» aipu du artikulu batek.
Gisa bereko hitzarmena plantan emana dute jadanik Itsasuko, Hazparneko eta Mauleko herriko etxeek.