Euskara

Euskararen alde, "akordio zabala" nahi du Jaurlaritzak

Euskararen diskurtsoen inguruko txostena aurkeztu dute. EAEko biztanleen %82 daude euskararen erabilpena sustatzearen alde.

Xabier Erize EGODeko kidea, Patxi Baztarrika sailburuordea eta Iñaki Martinez de Luna EGODeko zuzendaria. JON URBE, ARGAZKI PRESS
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko uztailaren 10a
16:04
Entzun

«Euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jarri behar dira». Egoera soziolinguistikoa analizatzea premiazkoa dela uste du Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak; eta, hain zuzen ere, bide horretan egin du lan Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen lanketa egitasmoa (EGOD). Euskararen Aholku Batzordearen Euskara 21 taldearen eskutik, hizkuntzaren gaineko iritziak eta diskurtsoak ikertu ditu, azterketa bibliografikoaren, adituen foruen, eztabaida taldeen eta inkesten bidez. Emaitza: badela euskara sustatzeko eta bultzatzeko nahi orokor bat Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko herritarren artean. Biztanleen %97 daude euskara «begirunez» tratatzearen alde, eta %85ek balio pragmatikoa aitortzen diote. Gainera, %81ek sustatu egingo lukete, eta %61ek, aldarrikatu. Aldiz, mesfidati ikusten dute gaia %14k. Orain, txostenean jasotako datuak aprobetxatuta, praktikara pasatzea da Hizkuntza Politika sailaren nahia. Irailaren 11ra arte azterketan parte hartu duten eragileen ekarpenak jasoko ditu, eta, aurrera begira, hizkuntza politika zehazteko orduan, kontuan izango ditu plazaratutako ondorioak.

«Elkarkidetzan oinarritutako diskurtso euskaltzalea» sendotu egin behar dela azpimarratu dute EGODeko kideek, betiere hizkuntza eskubideak eta «errespetua» ardatz izanda. Gizartea «plurala» dela gogorarazi du Baztarrikak, eta, horregatik, xehetasun bat gaineratu du: «Baldintza da beti hurkoaren hizkuntza hautua errespetatzea». Xabier Erize EGODeko lantaldeko kideak «hizkuntzekiko positiboa den teoria demokratikoa» gogora ekarri du, eta bidea hori dela esan.

Aldaketa ere izan dute mintzagai. «Euskara beharrezkoa delako pentsamoldea atzean utzi, eta 'hizkuntzak beharrezkoak dira' pentsamoldea hartu behar da, aniztasunaren eta eleaniztasunaren balioa indartuta. Ez da hizkuntza bat edo bestea, baizik hizkuntza bat eta bestea», esan du egitasmoaren zuzendari Iñaki Martinez de Lunak; haatik, ñabardura garrantzitsu bat gaineratu du: «Horrek ez du inondik inora esan nahi hemengo hizkuntzen arteko harremanak orekatuak direnik, eta horrek behartzen gaitu ahulen dagoen hizkuntzaren alde egitera». Euskararen alde, alegia. Ildo beretik, hizkuntz politika eztabaida ideologikotik at nahi dutela adierazi, eta akordio «zabala» aldarrikatu dute.

Modernizaziorantz

Beste hari mutur bati eutsiz, egunerokoan euskara txertatzeak duen garrantzia izan dute hizketagai, eta balio positiboekin balioetsi behar dela esan dute. Erakargarria izan behar du euskarak, egitasmoaren sustatzaileen aburuz. «Irudi hobea» eman nahi diote horretarako, «modernizatu» egin nahi dute.

«Hiper zuzentasuna atzean uztea» da eginbeharren zerrendan apuntatutako beste bat. «Hizkuntza multifuntzionala, adierazkorra, biziagoa eta komunikatiboagoa» hauspotu behar da. Horrela, erabilerak eragin dezakeen «deserosotasuna» arindu daitekeelakoan daude.

«Gizartean nagusi den euskararen gaineko bortizkeria sinbolikoa» gainditzeko ordua ere bada, ziurtatu dutenez. Horretarako, estrategia osatu eta abian jarri nahi dute, «hizkuntza menperatua izatearen konplexua» astintzeko. Erradiografia eginda, praktikarako urratsak daude egiteko. Diotenez, hizkuntza politikan isla izango du hausnartuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.