Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Hamar urteko balorazioa

Euskararen alde urratsik ez egitea egotzi die Behatokiak instituzioei

Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatze aldera, pauso «berriak, sendoak eta eraginkorrak» eskatu ditu Paul BilbaokAdministrazioek hizkuntza eskubideak bermatu behar dituztela berretsi du taldeak

Euskal Konfederazioko bi kide iazko uztailaren 6an, Baionan, bideko seinaleak euskaratzeko eskatzen. GAIZKA IROZ.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
«Ahalik eta azkarren ateak ixteko bokazioarekin jaio ginen. Gure lanaren beharrik ez dagoen egunaren zain gaude, baina datuek diote egun hori ez dagoela hurbil». Hizkuntz Eskubideen Behatokia sortu zenetik hamar urte bete berritan, baikor izateko arrazoi gutxi agertu zituen atzo Paul Bilbao Behatokiko lehendakari eta Kontseiluko idazkari nagusiak: «Administrazio bakar batek ere ez du hizkuntza eskubideak bermatzeko urrats eraginkorrik garatu, eta euskal hiztunari ukatu egiten zaio berezko hizkuntza erabiltzea bere eguneroko bizitzan». Hori dela eta, Bilbaok «premiazkotzat» jo zuen euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko pauso «berriak, sendoak eta eraginkorrak» ematea, baita baliabideak jartzea ere.

2001etik 2010era bitartean egindako lana txosten batean bildu du Behatokiak, eta balantze «gazi-gozoa» egin du Bilbaok. Gozoa, Behatokia «erreferente» bihurtu delako euskaldunen hizkuntza eskubideen defentsan. Gazia, aurrerapauso nabarmenik ez delako eman eskubideok bermatzeko bidean: «2001. urteko ondorioak eta 2010ekoak errepikatzeak hausnarketa eragin behar du».

Hamar urteotan 9.500 espedientetik gora ireki ditu taldeak, gehienak eskubide urraketei buruzkoak. «Baina izozmendiaren erpinak baino ez dira», azaldu du Bilbaok: «Errealitatearen parte bat dira, Behatokira jotzen duten herritarrena; hizkuntza eskubideen urraketa guztiak ez dira salatzen».

Hala, txostenak ondorio argiak agertzen dituela uste dute Behatokiaren arduradunek. Eremu sozioekonomikoan kontsumitzaile euskaldunen eskubide urraketa «sistematikoa» dela adierazi du; Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ez dago horri buruzko araudirik, baina Euskal Autonomia Erkidegoak daukan legeak ere ez du «aldaketa eraginkorrik» ekarri: «Eremu horretan guztia dago egiteke».

Hala, eremu publikoaz mintzatu da Behatokia batik bat: «Administrazioek bermatu behar dituztelako eskubideak, baita hizkuntza eskubideak ere». Hona, Euskal Herrian aginpidea duten instituzioen jardunaren balorazioa:

1. Frantziako Gobernua

«Euskararen iraupena arriskuan dago Ipar Euskal Herrian», berretsi du Behatokiaren txostenak. Horren arrazoia argi du taldeak: euskarak ez du aitortza ofizialik Frantziako Estatuan —frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra—. Behatokiak gogora ekarri du 2008. urtean Frantziako Gobernuak aldaketa egin zuela Konstituzioaren 75. artikuluan, «eskualdeko hizkuntzak Frantziaren ondare» izendatzeko. Urrats hark itxaropena piztu zuen arren, praktikan aldaketak ez du eraginik izan.

«Euskarak ikusezintasunean jarraitzen du», ondorioztatu du. Diagnostikoa larria da: hizkuntza eskubideak «sistematikoki» urratzen ditu estatuak, euskararen transmisioa «oztopatu» egiten du, eta, hala, hizkuntzaren iraupena bera jarri da zalantzan. Hala, Behatokiak «premiazkotzat» jo du euskararen ofizialtasuna aitortzea, eta hizkuntza gutxituen arloko nazioarteko akordioak bere egin ditzan galdegin dio Frantziako Gobernuari.

2. Nafarroako Gobernua

«Beste inon gertatzen ez den egoera» dago Nafarroan. Lurraldea hirutan banatzeak —eremu euskalduna, ez-euskalduna eta mistoa— «eskubide desoreka eta desberdintasuna» dakarrela berretsi du Behatokiak: «Hizkuntza eskubideak hiztunak bizi diren tokiaren arabera aitortzea onartezina da».

Praktikari buruzko balorazio okerragoa egin du taldeak. Zonifikazioa ezartzen duen legea «murriztailetzat» du, baina «are murriztaileagoa» izan da haren aplikazioa, baita hamar urteotan Nafarroako Gobernuak garatutako hizkuntz politika ere. Besteak beste, eremu publikotik euskararen erabilera desagerraraztea egotzi dio exekutiboari, «administrazioko hizkuntza bakarra gaztelania» bihurtzeraino.

Behatokiaren iritziz, halaber, murrizketok ez dira kasualitatearen ondorio, «antolatuak eta planifikatuak» baizik. Hala, hizkuntz politikaren bidez euskaldunak «mespretxatzea» leporatu dio gobernuari: «Hizkuntzaren garapena eta normalizazioa bultzatzeko bainoago, oztopatzeko hartu dira neurriak».

3. Eusko Jaurlaritza

Aitortza juridikoa bai, baina euskaraz bizitzeko «ezintasuna» dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek. Hamar urteotako salaketak aztertuta, Behatokiak frogatu du ez dela konponbiderik abiatu: «Hizkuntza eskubideen bermerako mekanismoetan ez da aldaketarik egon, gabezia eta beltzuneak non diren helarazi arren».

Hala, urraketak betikotzen ari direla erantsi dute arduradunek: «Herritarrek naturaltzat jotzen dute ordenamendu juridikoa ez betetzea». Hortaz, legeek diotena errealitate bihurtzeko baliabide gehiago eskatu dizkio taldeak Eusko Jaurlaritzari.

4. Espainiako Gobernua

Administrazioarekiko harremanetan, ahoz zein idatziz, euskaraz jarduteko eskubidea ez bermatzea egotzi dio Behatokiak Espainiako Gobernuari. Urteroko kritika da, baina azken salaketetan aldagai bat gehitu zaio: «Administrazio telematikoan, euskara baliatu nahi izan duten herritarrak baztertu dituzte».

Ildo horretan, txostenak erantsi du Espainiako administrazioaren hutsa ez dela soilik hizkuntz eskubideak urratzea; EAEko eta Nafarroako legeak ere hausten ditu. Oso zorrotz mintzatu da Bilbao: «Gezurra da Espainiako Estatua eleaniztuna dela esatea. Besteak beste, 500 legek, dekretuk eta arauk gaztelaniaren derrigortasuna ezartzen dutelako. Estatuak berak behartzen gaitu gaztelania erabiltzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.