"Bizia eman dizun lurrarekiko lotura bizia erakutsi duzu, Hiazinto Fernandorena Setien". Esaldi hori erabili du Dionisio Amundarain itzultzaileak Hiazinto Fernandorena Setien (Urnieta, Gipuzkoa, 1930) definitzeko. Jaiotzetiko lotura duen hizkuntzaren, euskararen alde lanean aritutakoa da Fernandorena, eta lurretik hartutako indar hori fruitu bihurtu duena, ikastolen sortzaileetako bat baita, besteak beste. Urteetako lana eskertzeko, omenaldia egin zioten atzo lankide eta ikasle izandakoek. Eta malkoak begietatik oso urrun ez zituela eta oso hunkituta jaso zuen omenaldia, Andoainen, Martin Ugalde kultur parkeko aretoan. Aurreskua dantzatuz hasi zen ekitaldia, bertsoak abestu zituzten Hernaniko Musika Eskolakoen doinura; aretoak lagundu zien abesten.
Lazkaoko ikastolaren (Gipuzkoa) sortzaileetako bat izan zen, eta haren ekimenez abiatutakoak dira euskal udalekuak. Presoen aldeko ekinbideetan ere parte hartze zuzena izandakoa da.
Fernandorenak betidanik begi ona izan duela diote haren lankide izan direnek. Lehenengoan asmatzen omen du aurrean duenak zer egiten dakien. Inoiz andereño izan zitezkeela esan zien eta irakasle lanetan erretiratu diren hainbat zeuden atzoko omenaldian. Hala egin zuen Koro Zumalaberekin. "Badu sorginaren izaera nolabait. Guk irakasletza amaitu berri genuela etorri zitzaigun esanez ikastolan hasi behar genuela, balio genuela".
Eulalia Aranburu Urkizuk bizi osoko laguna du: "Leku askotan egokitu naiz berarekin". Irakasle aritutakoa da Aranburu, baina gerora Gordailun ere topatu zuten elkar. Izan ere, haren ekimenez sortutakoa da Gordailu: irakasleen formakuntzarako sortu zuten elkartea izan zen lehenbizi, eta gerora argitaletxe bihurtu zen. Ikastolako material didaktikoa eta itzulpenak ekarri ditu biltoki horrek.
Garai gogorretan izan ziren bidelagun, horregatik uste du "asko sufritutako" gizona ere izan dela. "Askotan, ez dakigu non sartzen garen. Neronek andereño sartzerakoan mila buelta eman nizkion buruari, 1945ean izan zen hori". Mari Karmen Aranburu Arakamak lagun mina du Fernandorena Setien. Hunkituta zegoen atzo. Izan ere, aipamen zuzena egin zion Amundarainek Aranbururi eta haren senar zenari, Fernandorenarekin "asko bizi izandakoa" baitzen. Askotan ez omen zion esaten nora zihoan, badaezpada. " 'Nire bila etortzen badira, hobe da ez badakizu non nagoen', esaten zidan. Hiazintorekin joan ohi zen beti".
Bihotz oneko pertsona eta xumea da Fernandorena. "Ezkilarik jo gabe", zehaztu du Fermin Argiñarenak. "Gizon osoa da, ez du handikeriarik, gauza txikiak erraz egiten ditu, eta estimatu ere hala egiten ditu. Beti alea ekarri, beti alea jarri, inoiz ez eraman, eta berdin du non. Hark beti laguntzen du".
Psikomotrizitatea ikasten
Ikastolak izan dituen beharrak berehala aurkitu ditu Fernandorenak, eta hala jo zuen Guillen Zaldunbiderengana. "Psikomotrizitatea ez zen lantzen Hego Euskal Herrian, eta irakatsi Bartzelonan bakarrik. Hiazintok niri eskatu zidan Hegoaldera etortzeko irakasleak formatzera". Jendea lanean jartzeko abilidade berezia izan du Fernandorenak; eta hori berretsi du Iñaki Elortza kazetariak. "Jendeari zekiena atera, eta lanean jarri izan du".