Aurrekonturik ez dauka Gasteizko Udalak euskararen alorrerako. Euskalgintzan diharduten hamar elkartek salatu dute Herriko Etxeak etenda dauzkala hitzarmenak eta diru laguntzak. Egoera larria dela ohartarazi dute: urtearen erdia igarota, gastuak egin dituzte elkarteek, eta orain, ikusita diru laguntzak ezbaian jarri dituela udalak, zer gertatuko ote den beldur dira. Ezohiko bilera batera deitu dute Euskara Sektore Kontseilua gaurko —hango kide da udala—, egoera aztertzeko.
Orain bi aste egin zuten aurreko batzarra, eta euskalgintzako eragileek galdera egin zioten Euskara zinegotziari, zer gertatzen ari den laguntzekin eta itunekin, zergatik dauzkaten etenda. Ez zien «erantzun argirik» eman, elkarteen esanetan. «Hala ere, nabarmen geratu zen: euskarak ez dauka aurrekonturik oraindik Gasteizen. Aurkeztu zutenak ez omen du balio». Beldur dira, diru laguntzak ezerezean geratuko ote diren. «Dena zintzilik dago».
Azken urteetan egindako lana ezbaian jartzea egotzi diote elkarteek Gasteizko Udalari. Nabarmendu dute Herriko Etxea eta euskalgintzako eragileak lankidetzan aritu direla, nahiz eta salatu duten «behar baino gutxiago» jaso dutela udalaren partetik. «Zenbait gauza aurrera ateratzea oso merke atera zaio». Zenbakitan jarri dute: diru gehien jarri duen garaian ere, aurrekontuaren %0,35 bideratu du udalak euskararen alorrera; eragileek %2 nahi dute.
Konpromisoak, «zakarretara»
Orain arte bideratutako kopurua ere «maldan behera» erortzeko arriskuan dagoela ohartarazi dute. Herriko Etxeari gogorarazi diote «konpromiso batzuk» hartuak badauzkala; alderdien adostasunarekin hartutakoak, gainera. Hala, galdera egin diote PPri, prest ote dagoen «goizetik gauera zakarretara botatzeko».
Gasteizen azken urteetan euskarak emandako aurrerapausoak eragileen lanak ekarri ditu, haien iritzian. «Euskaraz bizi ahal izateko dinamikak egunez egun garatu ditugu». Ordea, dirua behar da horretarako ere, eta Herriko Etxearen etenak kolokan jar ditzake elkarteak. «Ondorio ekonomikoak oso larriak izango lirateke, eta euskararen alde lanean ari garenok ez dugu zertan egoera horiek pairatu».
Egoera argitzeko eta aurrekontuak aurkezteko, ezohiko bilerara deitu dute gaurko honako talde hauek: Euskal Herrian Euskaraz-ek, GEU Elkarteak, Arabako Bertsozale Elkarteak, Euskharan Elkarteak, Bai Euskarari-k, IKAk, AEK-k, Udaberria eta Hegoaldea euskaltegiek eta 7. Alaba auzo elkarteak. Bilkurara joateko eskatu diote udalari. Oharra egin diote, gainera: jarrera ez badu aldatzen, Euskara Sektore Kontseilua bertan behera utziko dute.
Euskararen alorreko laguntzak eten ditu Gasteizko Udalak
Euskara sustatzeko aurrekonturik ez du egin Herriko Etxeak, alor horretan diharduten elkarteek esan dutenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu