Euskararen begiralekua

Euskararen Adierazle Sistema osatu dute Euskal Herriko instituzioek. Euskararen egoerari buruzko datuak batu dituzte 33 adierazlerekin

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Euskararen egoerari buruzko informazio nagusia webgune batean bilduta, bateko eta besteko azterketen datuak elkartuta, Euskal Herri osoko informazioa ikusgai. Euskararen Adierazle Sistema osatu dute Euskal Herri osoko erakundeek, eta sarean jarri dute eskura. Oraingoz 33 adierazle hartu dituzte kontuan, baina aurreratu dute egitasmo «dinamikoa» dela, eta osatuz joango direla. «Errealitatea ondo ezagutzea» dute helburu, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriaren arabera. Uste du baliagarri izango dela ikerketak egiteko eta neurriak hartzeko.

Joan den uztailean lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Han adostu zuten horrelako egitasmoetan elkarrekin aritzea. Adierazle sistema taxutzeko proiektuan beste hiru erakunde ere izan dira: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioak. Soziolinguistika Klusterrak ere parte hartu du prozesuan.

Ikerketa ugaritako datuak jaso dituzte: inkesta soziolinguistikokoak, erroldetakoak, kaleko erabileraren neurketakoak, eskoletako erabileraren inguruko Arrue ikerketakoak... Euskal Herri osoko datuak daude inkestari eta kaleko erabileraren neurketari dagokionez, baina, beste batzuetan, mugatuagoak dira datuak; adibidez, administrazioetako hizkuntza eskakizunei buruzko datuak. Mikel Arregi Nafarroako Euskarabideko zuzendariak aurreratu du «lanean» ari direla informazio bateratua eman ahal izateko.

Proiektuak ia 600.000 euroko aurrekontua izan du, eta zatirik handiena Europako Batasunaren funtsetatik pagatu dute, Interreg diru laguntzetatik. EEPko lehendakariorde Mathieu Bergek, hain justu, nabarmendu du funts horietan hizkuntza politika «lehentasunezko» jo behar dela, mugaz gaindiko jarduna bultzatze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.