Euskararen erabilpenean eragin nahi du EEPk datozen urteotan

Iazko aurrekontuari eutsiko dio Euskararen Erakunde Publikoak aurten, Jaurlaritzaren ekarpena gutxitu arren

EEPko zuzendaritzak aurtengo aurrekontuak eta norabideak aurkeztu zituen atzo Baionan. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Belaunaldi gazteen berreuskalduntzea hizkuntza politikaren jomugan ezarrita, EEP Euskararen Erakunde Publikoak euskararen erabilpena sustatu nahi du, azken urteotan eskoletan eskaintza elebiduna indartu ondoren. Aurtengo aurrekontua 3.332.400 eurokoa izanen da. Eusko Jaurlaritzaren ekarpena 457.600 euro izanen da —iaz 520.000 euro izan zen—. Frantxua Maitia EEPko presidenteak azaldu zuen gainerateko eragileen ekarpenei esker orekatuko dela apaltze hori.

Estatuak 760.000 euro jarriko ditu, Akitaniak 860.000 euro, Kontseilu Nagusiak 860.000 euro, Euskal Kulturaren Aldeko Herriarteko Sindikatuak 255.450 euro eta Hautetsien Kontseiluak 2.850 euro. Teorian, hiru eragile nagusien ekarpenak berdina izan behar du. Oreka hori atxiki ahal izateko, Frantziako Hezkuntzaren bidez estatuak bere gain hartuko ditu Seaskarentzako hiru irakasle lanpostu, eta iazko partida 20.000 euro emendatuko.

2011ko jarduna eta bilduma onartu zituen EEPko zuzendaritzak joan den asteartean. «Datozen urteei begira, euskararen erabilpena sustatzea lehentasuna izanen da», erran zuen Maitiak. Bizi publikoan euskara sustatze aldera, administrazio eta zerbitzu publikoekin hainbat hitzarmen burutu eta eginen dituztela azaldu du, hala nola herri elkargo eta eragile pribatuekin —Baionako erietxearekin, adibidez—. Horrez gain, EEPk bere ekimen planak garatuko ditu, Hautetsien Kontseiluari, Akitaniari edo Kontseilu Nagusiari begira. Euskara teknikarien sarea ere indartu nahi du, lana emankorragoa izan dadin. Aisialdian, 2012an haur elebidunei euskarazko harrera bermatzeko egituratzea lortu nahi du, Uda Leku elkartea adibide. Horretarako, herri, herri elkargo eta erakunde publikoen arteko elkarlana sendotu eta hitzarmenak osatu nahi ditu.

Hedabideen arloari dagokionez, Ipar Euskal Herrian ETB1 ikusi ahal izateko nazioarteko hitzarmena bururatuko du.

Trabak gainditu

Eskaintza elebiduna orokortzeko jardunean «ezusteko trabak» sortu direla onartu zuen Maitiak. Hala nola, Uztaritzeko (Lapurdi) eskola publikoko guraso batzuek gaitzetsi dute hezkuntza elebiduna garatzeko xedea eta horren aurkako izenpetze bilketa egin dute. «Hori ez da onargarria, gurasoek eskubidea dutelako haien haurrak nahi duten hizkuntza ereduan eskolaratzeko. Eskubide hori ukatzea inposaketa da», erran zuen Maitiak.

Ama eskoletan «murgiltze ereduaren esperimentazioa» sustatzearen aldekoa dela nabarmendu zuen Maitiak. Horrela, Azkaine (Lapurdi) eta Donibane Garazi (Nafarroa Beherea) eskoletan abian ezarritako ereduaren ildotik, Miarritzeko Alsace eskolan ere proba eginen dute. Hirigunean eginen den lehen saioa dela nabarmendu zuen Max Brisson EEPko presidente ohiak.

Bigarren mailari dagokionez, 2012ko eskola sartzean, Atarratzeko (Zuberoa) eta Donapaleuko (Nafarroa Beherea) kolegioetan eskaintza elebiduna bermatu nahi dute ofizialki.

Azkenik, 2012an haurtzaindegi elebidunen sarea plantan ezarri nahi dute, «bederen 12-13 eskaintza» bermatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.