Euskararen legearen erreforma

Euskararen legea aldatzea onartu du Nafarroako Parlamentuak

PSN, Ezkerra, Geroa Bai, Bildu eta Aralar-NaBairen babesa jaso du erreformak, eta aldeko 27 botorekin eta aurkako 23rekin onartu dute. UPNk eta PPNk salatu dute "helburu politikoen bila" egindako proposamena izan dela eta era horretan nafarrak "euskara ikastera behartu" nahi dituztela.

Euskagintzako ordezkariak Nafarroako Parlamentuaren kanpoaldean, gaur. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
edurne elizondo
2015eko otsailaren 19a
07:00
Entzun

Euskalgintzako ordezkaritza zabalaren presentziarekin hasi dute Nafarroako Parlamentuan euskararen legeari buruzko eztabaida. Ezkerra, Geroa Bai, Bildu eta Aralar-NaBai bat etorri dira  egun indarrean dagoen legea "baztertzailea" dela, baina eskaerari erantzuten dion neurri berri bat indarrean sartu artean aldaketak oinarrizkoak direla.

"Euskarak ofiziala behar du Nafarroa osoan. Aldaketa urrats bat da, baina ez da nahikoa", nabarmendu du Bilduko Bakartxo Ruizek. Harekin bat etorri da Aralar-NaBaiko Nekane Perez ere: "Lege hau ez da gurea, aldaketa hau ere ez; ez da sakona, ezta adostua ere. Gehiago behar dugu, eskubideen bermea".

PSNk, Ezkerrak eta Geroa Baik aurkeztu zuten egitasmoa Parlamentuko Mahaian, eta Bilduk eta Aralar-NaBaik babestu. Guztiak etorri dira bat erreforma beharrezkoa dela, nahiz eta gehienek kritika egin dieten sozialistei euren jarrera lehenago aldatu ez dutelako. Horiek hala, ezkerreko talde guztiak parlamentuan bat eginda agertu izana historikotzat jo du Txema Mauleon Ezkerrako parlamentariak. "Gaur horma bat ari gara behera botatzen".

UPNk eta PPNk, berriz, "helburu politikoen bila" aritzea eta "beharrezkoa ez den aldaketa inposatzea" egotzi diete egitasmoa aurkeztu dute taldeei. "Hau inposizio bat da, argi eta garbi. Euskaraz ikastera behartu nahi gaituzte, haiek erabiltzen ez duten arren", salatu du PPNko Amaia Zarranzek.

Aurrematrikula epea amaituta

Euskarazko irakaskuntza Nafarroa osoko sare publikoan bermatzeko asmoarekin, euskararen legea aldatzeko tramiteak urriaren 27an hasi zituzten parlamentuan. Moldaketarekin, legeak ez-euskaldun gisa jotzen duen eremuan ere D eredua eskainiko dute sare publikoan.

Urtarrilaren 27an ziren bozkatzekoak Euskararen Legearen erreforma Nafarroako Parlamentuan, baina gaurko saiora atzeratu zituzten testua aldatzeko proposamenari buruzko eztabaida eta bozketa. PSNk egin zuen eskaera. Maria Victoria Arraiza zenak parlamentuan hutsik utzitako eserlekua bete nahi zuten sozialistek, D eredu publikoa eremu ez-euskaldunera zabalduko duen lege aldaketa jorratu baino lehen.

Datorren ikasturterako aurrematrikulazioa egiteko epea amaitu eta gero izanen da bozketa, beraz; otsailaren 9tik 13ra izan baitute gurasoek seme-alabentzat ikastetxea hautatzeko aukera.

Otsail hasieran, Nafarroaren zonifikazioa goraipatu, eta Euskararen Legea aldatu beharrik ez dela adierazi zuen Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak. Duela 28 urte onartu zuen Nafarroako Parlamentuak euskararen legea. Euskaraz dakitenen kopurua Nafarroan igotzen ari dela erabilera apaltzen ari dela ondoriozatatu dute azken Mapa Soziolinguistikoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.