Euskaltzaleak kalera atera ditu gaur Kontseiluak. Behingoz lelopean, manifestazioa egiten ari da, euskararen legea aldatzeko garaia badela aldarrikatzeko. Aldaketaren gobernua azken ikasturtean sartuta dago, eta Kontseiluak ohartarazi du "euskaldunek behar duten aldaketa" ere lortu behar dela legealdia amaitzerako. "Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea eskubide bat da. Herritarrek horren beharra dute, orain arte zonifikazioak euskaraz bizitzeko aukera ukatu baitie". Zonifikazioa kentzea, eskubideak lurraldeen arabera ez ezartzea eskatuko dute. "Lege berri baten beharra dago, beraz, eskubiderik ez urratzeko". Hain justu, Kontseiluak Nafarroako Parlamentuaren esku utzia du hori egiteko lege proposamen bat.
Gaurko manifestazioa hiru zutabetan abiatu da, 17:00etan: Gaztelu plazatik, Media Luna parketik eta Iturramatik. Hiru zutabe horiek bat egingo dute autobus geltokiaren alboko belardian, eta bertan egingo dute azken ekitaldia.
Ion Orzaiz BERRIAko kazetaria zuzenean ari da manifestazioaren berri ematen, Twitter bidez.
Euskararen legea aldatzeko batzordea martxan da Nafarroako Parlamentuan. Adituen agerraldiak egin dituzte azken asteetan, eta orain legearen edukiak aztertzen hasteko garaia dute taldeek. Ez da bide samurra izango, hala ere. Batetik, batzordea bera ezustean osatu zuten, UPNko ordezkari bat ez zegoelako aretoan bozketa egin zutenean. Bestetik, legea aldatzeko zailtasunak agerian geratu direlako legealdi osoan —izatez, gobernu akordioan zintzilik geratu zen puntuetako bat da—.
Batzordea osatzearekin batera, berriro mobilizatu dira euskara ofizial egitearen aurkako sektoreak, eta manifestazioa egin zuten "inposizioa" salatzeko, joan den ekainean.