Leitzako turismo bulegoan “sabotaje bat” izan dute asteburuan, udalak jakinarazi duenez. Euskarari buruzko materiala eraman egin dute, eta Viva España dioten margoketak egin dituzte.
Udaleko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, asteburuan gertatu dela uste dute: ostiralean ongi utzi zuten bulegoa, eta gaur joan direnean topatu dute egoera hori.
Batetik, eskuorriak eraman dituzte. Leitzari eta inguruko herriei buruzko informazioa ematen dute horien bidez, eta hiztegitxo bat ere bada turistei laguntzeko: kaixo, eskerrik asko, agur eta horrelako hitzak azaltzen dizkiete. Bestetik, euskarari buruzko galdetegiak dauzkate bulegoan: ba ote dakiten euskarak nolako egoera duen Leitzan, zer iruditu zaien seinaleak euskaraz egotea... Buzoi bat dago bulegoan, eta han uzten dituzte erantzunak. Ez eskuorririk eta ez galdetegirik ez zegoen goizean.
Leitzako Udalak salatu du “herri izaeraren aurkako erasoa” izan dela.