«Euskaraz bizi izango da, azken urteotako ildotik, EHEren ekimen osoa baldintzatuko duen leloa eta aldarria». EHE Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak nazio batzarra egin zuen atzo Villabonan (Gipuzkoa). 50 lagun inguru elkartu ziren datozen hilabeteotako lan martxaren nondik norakoak erabakitzeko. Euskal Herria «hizkuntza ordezkapena oinarrian duen asimilazio prozesu batean» dagoela salatu, eta horri aurre egiteko giltza zein den argi utzi zuten: euskarari lehentasuna eman behar zaio, inolako mugarik gabe, «esparru guztietan». Horretara bideratuko dute EHEren jarduna.
Euskarari «lehentasunezko estatusa» emateko prozesuan Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe! manifestua «ezinbesteko tresna» izango dela nabarmendu dute EHEko kideek. Iragan otsailean manifestazio nazionala egin zen Donostian lelo hori ardatz hartuta, eta milaka pertsona atxiki zitzaizkion mezuari. Bide horretan sakontzen jarraitu nahi dute orain. Izan ere, EHEk, aldaketa politikoen zain egon gabe, aldaketa soziala suspertzen jarraitu nahi du: «Euskal komunitatearen jarrerak aldatzeko bultza eginez, norbanakoen artean nork bere autodeterminazio ariketa propioa egitea eta ahalik eta askeen zein burujabeen jokatzeko erabakia sustatuko da».
Urte osoko ekimena
EHEren jardunean izango diren aldaketen artean, Ezabaketa Astearen gainekoa egongo da. Urte osoko ekimen bihurtuko da datozen hilabeteetan, azaroan zein maiatzean egingo diren hauteskundeak baliatuz egingo baita. Euskaraz Bizi eguna ere egingo dute berriro, eta, horrez gain, euskalgintzaren beste hainbat ekimenekin bat egingo dute, eta aparteko ahalegina egingo dute «guneak euskalduntzeko dinamika» sustatzeko.
Euskarari esparru guztietan lehentasuna ematearen premiaz ohartarazi du EHEk
Nazio batzarra egin du herri mugimenduak; 'Euskaraz bizi' leloaren inguruan harilkatutako lanari eustea erabaki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu