Herritarrak euskaraz bizitzearen alde biltzeko dinamika bat antolatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, eta ekimen hori atzo iluntzean aurkeztu zuten, Donostiako Doka aretoan. Kontseiluaren arabera, euska-raz bizi nahi duten herritarren mugimendu zabal bat osatzea da helburua, eta parte hartu nahi duten herritar nahiz gizarte eragile guztien ekarpenei zabalik dago.
Ekimenak topaleku izan nahi du Kontseiluak berak sustatutako Euskaraz bizi nahi dut! leloa bere egiten dutenen artean. Horretarako, besteak beste, posta zerrenda bat osatu eta webgune bat martxan jarriko dute: www.euskarazbizinahidut.org. Bi euskarri horien bitartez, dinamikan parte hartu nahi duen edonork ekarpenak egiteko aukera izango du. Euskaraz bizi nahi duten herritarren «komunitatea» sortu nahi dute horrela: «Norbanakoari adierazi nahi diogu ez dagoela bakarrik. Euskaraz bizi nahi duen orok lekua du dinamika honetan».
Paul Bilbaok, BERRIAri eginiko adierazpenetan, azaldu du helburua ez dela gizartearen alor zehatz batean eragitea, gizartearen alor guztiak «euskararekin zipriztintzea» baizik. Bilbaoren arabera, Kontseiluak politikaren eta erakundeen esparruan egin du lan, eta hala jarraituko du, baina esparru horien mugak ere ezagutzen dituztela dio. Horregatik, herri mugimendu zabal batek politikaren harresiak eraits ditzakeela uste du, eta hala, euskaldunak aintzat hartzen dituzten hizkuntza politikak abiatzea erraztu: «Herri gogoa aktibo bilakatu behar dugu hizkuntza politiketan urratsak egiteko eta modu horretan euskaraz bizitzea ahalbidetzera heltzeko». Hortaz, herritarrei dinamikan parte hartzeko deia egin die Bilbaok.
2010eko maiatzaren 15ean Iruñean euskaraz bizitzearen alde egin zuten manifestazioan du jatorria ekimenak. Martxa hari jarraipena eman nahi dio, eta orduan gertatu zen bezala, atzo aurkeztutako dinamikak herritar andana bilduko duela ziur da Bilbao: «Manifestazio hark gure aurreikuspen onenak gainditu zituen. Ziur gaude oraingoan ere herritar kopuru handia atxikiko dela».
Jada martxan
Bilbaok argitu du euskaraz bizitzearen aldeko dinamika «iraunkorra» dela, eta beraz, ez dela aste edo hilabeteetako kanpaina: «Azken baten, gure helburua dinamika honen baitan herritar guztiak biltzea da». Egitasmoa atzo gizarteratu bazuten ere, jada martxan da. Izan ere, hainbat norbanako anonimok nahiz ezagunek eurentzat euskaraz bizitzea zer den adierazi dute, bideoan grabatutako adierazpenen bitartez. Ezagunen artean dira, besteak beste, Kike Amonarriz eta Maddalen Iriarte telebista aurkezleak eta Julio Soto eta Miren Amuriza bertsolariak.
Esne Beltza musika taldeak ere ekarpena egin nahi izan dio Kontseiluak sustatutako ekimenari, eta abesti bat sortu du espresuki egitasmorako. Atzo abestu zuten publikoki aurrenekoz, dinamikaren aurkezpen festan.
Euskaraz bizi nahi dutenak biltzera deitu ditu Kontseiluak
Euskaraz bizitzearen aldeko dinamika bat aurkeztu du Kontseiluak, eta herri mugimendu zabala osatu nahi duGizartearen alor guztiak «euskararekin zipriztindu» nahi dituztela dio Paul Bilbaok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu