Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Euskaraz bizitzea ahalbidetu nahi du EH Bilduk gobernutik

EITBko erdarazko komunikabideetan euskarak presentzia normalizatua izatea proposatu du koalizioak

Pello Urzelai.
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Hauteskunde programa prestatzeko asmoz, euskara eta hizkuntza politikaren atalean lan dokumentu bat egin zuen EH Bilduk joan den uztailean, Herria da gorputza, hizkuntza bihotza izenburukoa. Zirriborroa euskalgintzako hainbat eragileren artean banatu zuen uztailaren amaieran, iritzia emateko eta ekarpenak egiteko gonbita eginez. Iritziak eta ekarpenak irailaren 7a baino lehen jasotzeko asmoa zuen EH Bilduk, behin betiko hauteskunde programa iraila amaitu baino lehen aurkeztu ahal izateko.

EH Bilduk beste hizkuntza politika bat aldarrikatu du euskalgintzako eragileei banatutako zirriborroan. «EH Bildu beste hizkuntza politika bat egitera dator, euskara euskal herritarron hizkuntza normalizatua izan dadin». EH Bilduren ustez, euskararen normalizazioa hau da: «Euskal Herriko herritar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izatea». Izan ere, euskararentzat Euskal Herri osoan «espainierak eta frantsesak bakoitzak bere estatuan duen berdintasunezko estatusa eta parekotasun egoera» lortu nahi du EH Bilduk, aipatutako dokumentuaren arabera.

Helburu horiei begira, hemeretzi neurri landu ditu EH Bilduk. Lehenik, «euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten baldintza politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak» lortu nahi ditu EH Bilduk. Horretarako oinarriak bi izango dira, «kanpoko esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabea» egitea eta euskarari estatus juridiko egokia ematea. Euskal hiztunen komunitatea normalizatzeko, «adostasun soziala eta politikoa» lortzen saiatuko da. Halaber, Euskararen Normalizaziorako Plan Estrategiko berria diseinatzeko asmoa du EH Bilduk.

Aipatutako zirriborroaren arabera, «euskara jakitea bermatu behar du hezkuntza eta irakaskuntza sistemak». Horretarako, oraingo sistema gainditu eta murgiltze eredu bakarraren aldeegitea aurreikusi du EH Bilduk zirriborroan.

EITBren zeregina

Zirriborroan lantzen den neurrietako bat, EITBk euskararen normalizazioan izan behar duen eginkizuna da. «EITB taldeko komunikabideek oinarri moduan euskara eta euskararennormalizazioa izan behar dute ardatz, euskara bultzatu eta normaltzeko helburu estrategikoa bete behar dute». Horri begira, neurri zehatz batzuk aipatzen ditu dokumentuak. Adibidez, EITBren lan hizkuntza euskara izatea, euskarazko kateek «programazioa normalizatua» izatea eta euskarak eta euskal kulturak «erdarazko hedabideetan presentzia normalizatua» izatea, besteak beste. «Saihestu egingo da euskal hiztunek adierazpenak bietan, euskaraz eta erdaraz, egin behar izatea». Erdarazko hedabiderik ixtea ez da proposatzen. Horren harira, Deia egunkariak igandean kaleratutako albistearen titulua gezurtzat jo du EH Bilduk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.