EUSKARA

Euskaraz bizitzeko jaia, euskaraz ikasteko aldarria

Milaka lagun batu dira Oibarren, Sortzen elkarteak antolatutako jaialdian.

Sortzenen jaia Villatuertan egin zuten iaz. JAGOBA MANTEROLA, ARP
2014ko apirilaren 14a
14:33
Entzun

Nafarroa osoan euskarak ofizial izan behar duela aldarrikatzeko eta zonifikazioa salatzeko, Sortzen elkarteak deituta jaia egin dute Oibarren (Nafarroa). Elkarteak eremu ez-euskaldunean jai bat antolatzen duen bosgarren urtea da. Aurtengoaren leloa Euskara josten (h)ari gara izan da.

"Oso pozik gaude, festaren alde dena eman duten oibartarrekin egin baita egitarau osoa", adierazi du Aiora Epelde Sortzen-eko kideak. Pedro Lanas alkateak eta Imanol Ibero zinegotziak eskerrak eman zizkieten herritarrei: "Plazera izan da jai hau bertan egin eta ospatzea, baina erantzunak eskatzen ditugu bazterkeriarik gabe euskaraz ikasteko eskubidearen alde".

Jaiaren aurretik, Sortzeneko euskara arduradun Igone Lamarainek azaldu du aurtengo jaian zein den aldarrikapena. "Euskara josten (h)ari gara leloarekin adierazi dugu Euskal Herrian bagarela herri ezberdinak, egoera ezberdinekin, baina denok osatzen dugula euskararen herria. Guztiak josiz herri bakarra osatzen dugu, eta josten ari gara gure arteko loturak eginez".

Nafarroako eremu ez-euskaldunean egoera berezia da. Ez dago ofizialki euskaraz ikasteko aukerarik. Horren adibide dira Oibarko bizilagunak. Neska-mutikoek euskaraz ikasteko Zangozako ikastolara joan behar dute. Lamarainek nabarmendu duenez, hamaika familia daude seme-alabak euskaraz ikastea nahi dutenak. "Eta, horretarako, haurrek kilometro ugari egin behar dituzte egunero ikastolara joateko. Horrek gastu bat dakar, Nafarroako Gobernuak ordaintzen ez duena". Errepidearen arriskua ere hor dago. Duela hamabost urte eskolarako bidean ume bat hil egin zela ekarri du gogora. "Munduan ez da inon gertatzen herrialde berean marra batek bereiztea hizkuntza batean ikasi ahal izatea ala ez", ondorioztatu du.

Oibarren, auzolanean

Hasiera batean, Sortzenen aurtengo jaia Faltzesen egitekoak ziren. Baina arazo batzuk zirela medio, Faltzesekoa antolaketak ez zuen aurrera egin, eta elkarteak Oibarko herritarrengana jo zuen. "Hasieratik Oibarko bizilagunak buru-belarri jarri dira lanean. Eskualde osoko pertsonak ere inplikatu dira. Oibarko bizilagunei esan diegu eskertuta gaudela, eta aldi berean haiek dira behin eta berriz eskerrak ematen dizkigutenak", azaldu du Lamarainek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.