Indar hartzen jarraitzen du EHE Euskal Herrian Euskaraz elkarteak antolatutako manifestazioak. Euskaldunak eta Euskal Herriak burujabe behar duela aldarrikatu asmo dute Donostiako kaleetan. Euskaldun izateagatik «harro» behar dutela euskaldunek, egunero erakutsi behar dutela hori; euskarak lehentasunezko estatusa behar duela, eta Euskal Herriak burujabe behar duela horretarako. Euskalgintzako hainbat pertsona ezagunek egin dute bat deialdiarekin. Donostian bertan, Miramar jauregian, elkartu ziren atzo, dei egitera. Hara hitzordua: otsailaren 12an, larunbatez, 17:00etan, Donostiako Bulebarrean hasita.
Manifestaziorako deia egitearekin batera, Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe manifestua aurkeztu zuen EHEk. Hori bera dute martxaren oinarri. Euskaldunentzako eta Euskal Herriarentzako burujabetza aldarrikatzen dituzte agirian, egungo egoera salatuta: «Euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara gure herrian». Horren erantzuletzat Frantziako eta Espainiako estatuak jotzen dituzte, haiek direlakoan euskararen «ordezkatze prozesuaren gidariak».
Euskararen aldeko «hautua indartzera» egin dute dei EHEko kideek, eta haiei batu zaizkie euskalgintzan ari diren hainbat eragile. Elkarteak iragarria baitzuen eragileekin harremanetan jarriko zela, agiria eta manifestazioa babestu eta ekarpenak egin zitzaten. Urratsa eginda, horren emaitza izan zen atzoko agerraldia. «Aktibatzera» egin zuten dei,euskaraz bizitzeko hautua egitera. «Iritsi zaigu gauza bakoitza bere lekuan jartzeko eta eragiteko garaia», adierazi zuen EHEko kide Igone Lamarainek.
Mundu askotarikoaren alde egiteko asmotan batu da martxara Joxe Mari Agirretxe Porrotx. «Bi piezako puzzlea aspergarria da, eta oso ibilbide motza du. Horrela antolatu nahi dute mundua: bi pieza boteretsu, eta besteak haien menpe. Guk puzzleak ulertzen ditugu pieza askotakoak, eta bakoitzak berea emanez. Horrela dibertigarriagoa da, eta ibilbide luzeagoa du. Euskaldunok gure pieza izan behar dugu puzzle horretan, mundu horretan».
Omenaldia Txillardegiri
Hori lortzeko, ordea, behetik hasi behar dela dio, behetik eraiki behar dela pieza. «Guk eman behar diogu kolorea. Gureak esan nahi du euskara, auzolana eta gure nortasuna». Agirian, herritarrei egin diete dei. Ez ote dago lo antzean? «Aldatu egin da jendartea, aldarazi dute. Militantziaren prestigioa galdu da, eta berreskuratu behar dugu. Gure hizkuntzaren aldeko borondatezko lan horrek gizarteari eta komunitateari egiten dion ekarpena berreskuratu behar dugu». Hala uste du Gotzon Barandiaran idazle eta kazetariak. Behetik gora eraiki beharra nabarmendu du: «Erabakiguneak okerrak dira hemen». Saihetsezina, asteko gai nagusietako bat aipatzea: Euskararen Aholku Batzorde berrituaren bilera eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren adierazpenak. «Euskalgintzan hari garenok geuk antolatu behar dugu geure burua, inoren zain egon gabe. Horren adibide da Txillardegi».
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omenduko baitute martxaren ostean. Urteetan euskararen alde egindako lana eskertu nahi diote. Agerraldian zen atzo Txillardegi. «Ni donostiarra, antiguatarra izanik, oso pozgarria zait EHEren gisako organizazio batek Donostian egitea ekitaldi hori». Egingo diotena «ohore gehiegi» dela uste du. «Baina hobe da ohoreak bizirik jasotzea, hil ondoren omenaldia egitea baino». Euskaraz kezkatuta segitzen du, eta esku hartzera dei egin die herritarrei: «Euskaldunok ez badugu benetan serio hartzen euskara, ez du burua altxatuko euskarak».
@Manifestua irakurri eta harekin bat egin nahi izatera, jo webgune honetara: euskalherrianeuskaraz.org
Euskaraz «harro» jarduteko deia
Otsailaren 12rako EHEk antolatu duen martxara joateko deia egin dute euskalgintzan ari diren hainbat lagun ezagunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu