Googlek euskara baztertzen du, gero eta gehiago goiburuarekin albiste bat idatzi du gaur Puntueus fundazioko komunikazio arduradun Lorea Arakistain Aizpirik Sarean.eus webgunean. Bertan jakinarazi du AdsGrant programak —irabazi asmorik gabeko erakundeei Googlen iragarkiak ipintzeko modua ematen die— atzera bota dituela fundazioaren hiru webguneren iragarkiak. «Hain justu ere, Tori.eus, Sarean.eus eta Whois. eus webguneenak», azaldu dio BERRIAri. Iragarki horiek atzera botatzeko arrazoibidea izan da euskarazkoak direla: «Hizkuntza ez duela onartzen esan du». Jakin dute, halaber, beste hainbat erabiltzailek ere antzeko arazoak dituztela.
Atzera pausoa da; izan ere, iragarki horiek onartu izan dira orain arte arazorik gabe. Eta badira oraindik ere, gainera, AdGrantsen iragazki linguistikoa gainditu duten euskarazko iragarkiak sarean. Puntueus fundazioan bertan dituzte, hain zuzen ere, tankera horretako adibideak: «Esaterako, Domeinuak.eus eta Labur.eus webguneetako iragarkiek jarraitzen dute».