Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatuko dute hilaren 29an

Datorren larunbatean, Iruñean, manifestazioa egingo da Mendigorrian jazotakoa eta Maiak haur eskolen inguruan iragarritakoa salatzeko

Atzoko agerraldia, Iruñean, Zaldiko Maldiko elkartearen parean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
«Ez gaude prest gure eskubideetan atzera egiteko». Josu Goñik, Mendigorriko gurasoen izenean, eta Itziar Zabalzak, Iruñeko haur eskoletako gurasoen izenean, Nafarroan euskaraz ikasteko egun dauden oztopoak salatu zituzten atzo. «Barkaezina» deritzoteerakunde publikoek nafar guztiei euskarazko irakaskuntza ez bermatzeari: «Haien lana da egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea, herritarrei gehiago jakiteko aukera eskaintzea». Horregatik, egoera hori kritikatu eta euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko, hilaren 29an, 17:00etan, Iruñean egingo den manifestaziora deitu zuten. Golem zinema aretoetatik abiatuko da.

Haur eta gurasoz inguraturik, Zabalzak eta Goñik azken asteotako erabakien berri eman zuten, Zaldiko Maldiko elkartearen parean. Alde batetik, Iruñean, Enrique Maiak iragarri berri du Joseba Asironen agintaldian hartu ziren erabakietan atzera egingo duela. 2015 aurretik ere bi haur eskola baino ez zeuden —Arrotxapean eta Txantrean—, eta, Joseba Asiron alkate zelarik, eskaintza beste bi haur eskoletara eta auzotara zabaldu zen, «egoera arinduz».

Haatik, orain, Navarra Sumaren udal gobernuak «erdira baino gutxiago» murriztuko du eskaintza: eskola bakarra egongo da euskaraz bakarrik, eta beste batek, euskaraz ez ezik, gazteleraz eta ingelesez ere izango du eskaintza. Azaldu dutenez, egoera horrek Antsoainen ere eragingo du. Herrian ez da euskarazko eskaintzarik, eta hautu horren aldeko gurasoek Iruñera jo behar izan dute beti: «Hemendik aurrera zailago izanen dute hori egitea».

Haur eskolez harago, Mendigorrian guraso talde batek herrian D eredua ezartzea eskatu du, baina Hezkuntza departamenduak eskaera ez du aintzat hartu. «Ez omen da nahikoa, aurrera begira aukera argiak izan arren». Gurasoek gogora ekarri dute, baina, departamentuak atzera bota duela Castejonen bertako ikastetxe publikoak PAI kentzeko egindako eskaera, eta ez duela D ereduaren aldeko kanpainarik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.